Ekonomia -
Balantzea
Kutxabankek 125,5 milioi euro irabazi ditu lehen seihilekoan, aurreko urteko epe berean baino % 8,8 gutxiago
Alabaina, bere funtsezko banku-produktu eta zerbitzuen kontratazioan izandako "bilakaera onari esker", erakundeak urte hasieran egindako aurreikuspen orokorrak "gorantz" berrikus ditzake.
Agentziak | EITB Media
Kutxabankek 125,5 milioi euroko irabazi garbia izan du urteko lehen seihilekoan; hau da, aurreko urteko epe berean baino % 8,8 gutxiago lortu du, "aparteko emaitza nabarmenik ez dagoelako".
Bankuak ohar baten bidez azpimarratu duenez, 'core' (finantzen sendotasuna neurtzen duen adierazlea) sarreren "portaera bikaina" (% 8,6 igo dira) eta ustiapen-gastuen jaitsiera handia (% 6,6 murriztu dira) emaitza berezi nabarmenen gabezia orekatu dute. Horrek azaltzen du irabazi garbiek behera egin izana 2020ko epe bereko datuekin alderatuta.
Ildo horretatik, bere funtsezko banku-produktu eta zerbitzuen kontratazioan izandako "bilakaera onari esker", erakundeak urte hasieran ezarritako aurreikuspen orokorrak "gorantz" berrikus ditzake; izan ere, gaur egungo testuinguru "konplexu" honetan, funtsezko jarduera arloetan "merkatu-kuota irabazten eta hazkunde errekorrak lortzen" jarraitu du.