Ekonomia -

Tubacex

Tubacexeko langileak hitz egiteko prest, enpresak gatazka "benetan" aztertu nahi badu

Mahaian esertzeko baldintza izango da, konpainiako enplegu-erregulazioko espedientea baliogabetzat jo zuen epaiaren aurkako helegite judiziala "indarrik gabe" uzteko akordioa bilatzea.

Tubacexeko langileen manifestazio jendetsua, maiatzean, Bilbon. Argazkia: EFE
Tubacexeko langileen manifestazio jendetsua, maiatzean, Bilbon.
Tubacexeko langileen manifestazio jendetsua, maiatzean, Bilbon. Argazkia: EFE

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tubacexeko ordezkaritza sindikala "mahaian esertzeko prest" agertu da, baldin eta enpresak "gatazkari benetan heldu nahi badio" eta konpainiako enplegu-erregulazioko espedientea baliogabetzat jo zuen epaiaren aurkako helegite judiziala "indarrik gabe" uzta badu helburu. 

Langile batzordeak modu honetan erantzun dio gaur goizean Tubacexeko zuzendaritzak egindako proposamenari; zuzendaritzak esan du espedientea baliogabetzat jo zuen epaiaren aurkako helegite judizial horri uko egingo diola langile batzordeak lantegien etorkizuneko bideragarritasunari irtenbidea bilatzeko "negoziatzeko, akordiotara iristeko eta sinatzeko" prest badago. Enplegu-erregulazioko Espediente horrek 129 langile utzi zituen kalean eta EAEko auzitegi nagusiaren sententziak haiek berriro lanean hartzera behartzen zuen.  

Tubacexeko langileak mobilizatu egin dira gaur berriro eta enpresak Deion dituen bulegoen aurrean bildu dira, 210 greba egun bete dituzten egunean eta atzo Laudioko eta Amurrioko lantegietan urte amaierara arte lan-erregulazioko espediente berriaren negoziazioa akordiorik gabe amaitu ondoren.

Kazetariei egindako adierazpenetan, Eduardo Ibernia enpresa batzordeko buruak esan du ez duela negoziazio mahaiari berriro heldu zaion berririk, eta azken hilabeteetan sindikatuek proposatu dituztela bilera guztiak.

"Zuzendaritzaren aldetik ez dugu inolako asmorik ikusi", salatu du sindikalistak, eta gaineratu du enpresak "gatazkari heldu eta mahaian eseri nahi badu" prest daudela langileak ere. 

"Zer baldintzarekin, ordea? -galdetu du-. Alde guztiak asebetetzen dituen akordio batera iristea bada xedea, gure kasuan, helegite hori indarrik gabe uztea", argitu du. 

Batzordearen ordezkariak berretsi du sindikatuek akordio bat nahi dutela helegite hori bertan behera uzteko, "ez da nahikoa helegitea erretiratze hutsa", gaineratu du.

Iberniak azaldu duenez, atzo akordiorik gabe amaitu zen ERTEari buruzko negoziazioan, sindikatuak enpresako "gatazka nagusiarekin lotzen" saiatu dira. "Inori ez zaio gustatzen greban egotea, baina gertaerek horretara garamatzate", gaineratu du.

Gaineratu duenez, "Tubacexeko lantegiak arriskuan daude enpresak enplegu-erregulazioko espediente bat aurkeztu duelako eta beste neurri batzuk negoziatu nahi ez dituelako". Bere ustez, "errua batzordeari botatzeak ez du inolako zentzurik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tubacex Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Lan gatazkak Industria Metalgintza albisteak