Ekonomia -

Lan erregulazio espedientea

EAEko Auzitegi Nagusiak Tubacexeko kaleratzeak baliogabetu ditu

Enpresak Laudioko eta Amurrioko (Araba) lantegietako 129 beharginak berriro hartu beharko ditu. Enpresak Gorenera joko duela iragarri du.

Tubacexeko langileek Gasteizen egindako manifestazio bat. Artxiboko argazkia: EFE
Tubacexeko langileek Gasteizen egindako manifestazio bat.
Tubacexeko langileek Gasteizen egindako manifestazio bat. Artxiboko argazkia: EFE

E. G. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak baliogabe jo du Tubacexek ezarritako lan erregulazio espedientea (LEEa). Hori horrela, Amurrioko eta Laudioko 129 langileak berriro hartu beharko ditu hodiak ekoizten dituen enpresak. Zuzendaritzak iragarri duenez, helegitea aurkeztuko du erabakiaren kontra.

Iturri sindikalek aurreratu dute albistea, beharginen garaipentzat jota. Kaleratzeak iragarri zituztenetik, greba mugagabean egon dira langileak (146 egun zeramatzaten). Zuzendaritzak otsailean iragarri zuen LEEa, eta "egiturazko arazoak" argudiatu zituen "sektore nagusiaren krisi larriaren ondorioz".

Auzitegiak banatuta epaitu zituen TTI (Laudioko lantegia) eta Aceralava (Amurriokoa) lantegietako kaleratzeak, ekainaren 20an eta 21ean. Garbiñe Biurrunek ebatzi zuen lehena, eta bestea Juan Carlos Iturriren esku geratu zen. Auzi saioen aurretik adiskidetze-ekitaldia egin zuten bi aldeek. Bertan, enpresak espedientea bertan behera uztea eta aldi baterako espediente bategatik ordezkatzea baztertu zuen.

Tubacexeko langileak pozarren agertu dira Auzitegiak kaleratzeak baliogabetu dituenean
Tubacexeko langileak pozarren agertu dira Auzitegiak kaleratzeak baliogabetu dituenean
Tubacexeko langileak pozarren agertu dira Auzitegiak kaleratzeak baliogabetu dituenean

1:18

Sindikatuak ohar batean nabarmendu duenez, enpresako ordezkari eta afiliatuek "egindako lan ikusgarria oso oso positiboa" izan da eta langile guztiei zorionak eman dizkie.

Tubacexek Gorenera joko du

Bestalde, Tubacexen zuzendaritzak iragarri du ebazpenaren kontrako helegitea aurkeztuko duela Auzitegi Gorenean. Enpresak aitortu du espero zuela erabakia, aurretik Auzitegiak emandako beste epai batzuengatik. Tubacexen iritzian, "ulergaitza da, trantsizio energetikoa eta deskarbonizazioa tarteko, gas eta petrolioaren sektorea pairatzen ari den negozio eredu aldaketa garrantzitsua ez kontuan hartzea". Ingurumaria horretan, enpresak ez du ulertzen Tubacexeko Arabako lantegiek duten "egoera delikatua" aintzat ez hartzea eta "egiturazkotzat ez jotzea".

Auzitegi horrek berak beste lan erregulazio espediente bat baliogabetu zuen duela gutxi. Maiatzean, ITP Aerok PCBn egin asmo zituen kaleratzeak indargabetu zituen. Ondorioz, Sestaoko eta Barakaldoko lantegietatik botatako 83 pertsonak euren lanpostuetara itzultzera behartu zuen aeronautika enpresa.

Sindikatuak, pozik

Sindikatuak gustura agertu dira Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiarekin. ELAk "borrokan jarraitzeko" deia egin du kaleratuak berriro hartu arte, "berme guztiekin".

Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, "ELAk lanpostuak suntsitzea ekarriko lukeen akordio bat ez betetzeko defendatzen duen jarrera babesten du erabakiak, ez baitago kaleratzeko arrazoirik".

Era berean, langileak zoriondu ditu, joan den otsailaren 11tik enpleguaren defentsan greban daudelako, era hori "arrakasta" bezala definitu du.

LAB sindikatuak, bestalde, epaia betetzeko eta langile guztiak berehala onartzeko eskatu dio Tubacexi.  Horrela, Tubacexeko zuzendaritzaren eta kontseilari delegatuaren dimisioa eskatu du, "kudeaketa negargarria" dela eta.

Sindikatuak enpresako eta "borroka honetan lagundu dieten guztiak" zoriondu ditu, eta "eredugarritzat" jo du "enpleguaren eta lan eta bizi baldintza duinen defentsan".Sindikatuak adierazi duenez, "bizitako une gogorrak alde batera utzita", Tubacexeko langileek "hainbat arrazoi dituztela orain arte egin eta lortu dutenagatik harro egoteko".

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari, eta batez ere Garapen Ekonomiko eta Lan Sailei, galdetu die egoera horren aurrean "zer egitea pentsatzen duten", eta "jarrera argia" edukitzea eskatu dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amurrio Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Tubacex Lana Laudio Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak EAEko Justizia Auzitegi Nagusia Metalgintza Aiaraldea