Ekonomia -

Ibilgailu astunak

N-1eko eta A-15eko bidesariak 2023 urteko hasieran jarriko ditu martxan Gipuzkoak

Epaitegiek aurreko bi arauak baliogabetu ostean, Aldundiak hirugarren proiektua onartu du, "diskriminazio oro saihesten duena".

Gipuzkoan jarritako arkuetako bat. Argazkia: EITB Media
Gipuzkoan jarritako arkuetako bat.
Gipuzkoan jarritako arkuetako bat. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

N-1 eta A-15 errepideak erabiltzen dituzten ibilgailu astunek bidesaria ordaintzeko lehen pausoa eman du Gipuzkoak gaur, foru gobernuak aurreproiektuaren arau berria onartuta. Batzar Nagusiek izapidetu eta eztabaidatuko dute orain dekretua, eta Aldundiak espero du urtea amaitu baino lehen onartuta egotea, sistema 2023an martxan egon dadin. Proiektuak 25,3 milioi euroko aurrekontua du.

Aspaldikoa bezain katramilatsua da auzia. Aurrez, beste bi arau onartu zituen Foru Aldundiak, eta biak ala biak baliogabetu zituzten epaitegiek (EAEko Auzitegi Nagusiak, aurrena; eta Gorenak, ondoren) garraiolarien artean "diskriminazioa" sortzen zuela argudiatuta. Hori saihestea izan du helburu hirugarren arau horrek, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatuak prentsaurrekoan azaldu duenez. "Foru arau berri honek gure lurraldea zeharkatzen duen edozein garraiolariren eta bertako garraiolarien arteko edozein diskriminazio saihestuko du. Ibilbide guztia, bi errepideetan, ordainpekoa izango da", adierazi du.

Hala, N-1 eta A-15 errepideetako 76,352 kilometroak erabiltzearren ordaindu beharko dute kamioilariek (orain arte, hiru puntutan eta 19,18 kilometro erabiltzeagatik pagatzen zuten). Horretarako 109 arku-erdi edo banderola eta lau arku berri jarriko dituzte (hiru N-1ean, Itsasondon, Tolosan eta Lasarte-Orian, eta laugarrena A-15ean, Ondoilar tuneletik gertu), jada paratuta dauden beste hirurez gain —Etzegarate (N-I), Andoain (N-I) eta Astigarraga (A-15)—. Kobrantza sistema "free-flow" delakoan oinarritzen da, bidesaria ibilgailua gelditu gabe ordaintzeko modua ematen duena.

3,5 tona baino gehiagoko garraio-kamioei bakarrik ezarriko zaie bidesaria. Zehazki, 1 kategoriako kamioiek (3,5-12 tonakoak) 0,22 euro ordainduko dituzte kilometroko, eta 2 kategoriako kamioiek (12 tona edo gehiagokoak), 0,28 euro kilometroko.

Europako zuzentarauek ezarritakoari jarraikiz, Aldundiak nahi du Gipuzkoa zeharkatzen duten ibilgailu astun guztiek ahalmen handiko bideen mantenu kostua ordaintzea, ez bakarrik gipuzkoarrek (zerga bidez).

Orain arte kamioilariek ordaindutako bidesariak itzuliko dituzten galdetuta, Oiarbidek esan du "ofizioz" ez dutela dirurik bueltatuko, kobrantzak ez direlako "legez kanpo egin". Hala, kamioilari bakoitzak jo beharko du Aldundira itzulketa eskatzeko, eta erakundeak banan-banan aztertuko ditu kasuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Gipuzkoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak N-1 A-15 autobia EAEko Justizia Auzitegi Nagusia Kamioientzako bidesariak