Ekonomia -

Elkarrizketa

Sordo: "Patronalari beto eskubidea ematen bazaio, ez da akordiorik egongo CCOOrekin"

CCOOko idazkari nagusiak espero du Espainiako koalizio gobernuak bere baitan dituen "koordinazio" arazoak konpontzea, eta ohartarazi du "arazo larria" egongo dela sindikatuekin "jada oso aurreratuta" dituzten akordioak aldatzen badituzte.

Sordo, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB MEDIA
Sordo, elkarrizketaren une batean.
Gobernuak CEOEri beto eskubidea ematen badio, lan erreformari buruzko akordiorik ez dela egongo esan du Sordok

1:50

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak nabarmendu duenez, lan erreformaren negoziazioan "patronalari beto eskubidea ematen bazaio, ez da akordiorik egongo CCOOrekin". Dena dela, aitortu du CEOErekin ituna lortzea "desiragarria" litzatekeela.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketan, CCOOren buru bigarrenez hautatu berriak esan du espero duela gai horretan Espainiako koalizio gobernuak bere baitan dituen "koordinazio" arazoak konpontzea. "Arazoa koordinaziozkoa bada, erraza da konpontzea borondate politiko apur batekin. Edukien edo jada oso aurreratuta ditugun akordioen inguruan aldaketak egin nahi badituzte, arazo larria izango dute" sindikatuekin, ohartarazi du. Sordoren iritzian, "agerikoa" da Lan Ministerioarekin (Yolanda Diazek zuzentzen duena) negoziatu behar dela erreforma, "berak duelako eskuduntza".

Horren ildoan, "arinkeriatan" ez ibiltzeko eskatu die PSOEri eta Unidas Podemosi: "Hartuta dauden konpromisoak zalantzan jartzen badituzte, asko zailduko da egoera". 

Sordok azpimarratu du ez dela egia Europak "elkarrizketa sozialerako mahaian negoziatzen ari dena zalantzan" jarri duenik. Aitzitik, "Europak Espainiari esan diona da behin-behinekotasuna murriztu behar duela", erantsi du.

Azkenik, argindarraren garestitzea saihesteko enpresei etekinak murrizteko dekretuaz galdetuta, CCOOko idazkari nagusiak adierazi du ez dela enplegua galduko. Horren esanetan, enpresa horiek dituzten "etekinak ikaragarriak dira energiaren prezioa ezartzeko dagoen sistema irrazional horren ondorioz". Nolanahi ere, arlo horretan "egiturazko neurriak" hartu behar direla azpimarratu du, batez ere energia berriztagarriak bultzatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan Erreformaren Legea Grebak Lana Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak CCOO Lan gatazkak