Ekonomia -
EAE-KO AURREKONTUAK
Jaurlaritzak bi milioi euro bideratuko ditu erdi-askatasunean dauden presoen bizitegi baliabideak gehitzera
Gainera, Gogora Instituaren partida nabarmen handituko da. Hala, Memoriaren Euskal Institutuak ia 5 milioi euro izango ditu bere jarduera-planaren baitan dituen erakusketa-proiektuetan aurrera egiteko.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak 529 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du 2022rako, eta politika sozialek eta espetxeen kudeaketak pisu handiagoa izango dute. Aurrekontu horrek % 15eko igoera dakar, aurreko ekitaldikoarekin alderatuz gero.
"Zalantzarik gabe, aldaketa nagusia da duela hilabete eskas Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zuen espetxeen kudeaketaren transferentzia 2022ko aurrekontuan sartzea", nabarmendu du Artolazabalek bere sailak 2022an erabiliko dituen partiden xehetasunak emateko Jaurlaritzaren egoitzan ostegun honetan egindako prentsaurrekoan.
Hala, iragarri du bi milioi euro bideratuko dituela EAEko espetxe-eredua indartzeko Justizia Zuzendaritzak kudeatuko dituen bizitoki-baliabideak gehitzera, dela erosketa-erregimenean, dela alokairu-erregimenean. Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen presoak gizarteratzeko erdi-askatasuneko erregimenak bultzatuko zituela espetxe-eredu berrian. "Gure baliabide propioak izan nahi ditugu, zigortuta dauden pertsonekin modu egokian aritzeko", azaldu du.
Berrikuntzen artean nabarmentzekoa da Gogora Institutuaren aurrekontuak izango duen igoera esanguratsua ere. Hala, Memoriaren Euskal Institutuak ia 5 milioi euro izango ditu (aurten 2 milioi izan ditu). Sailburuaren hitzetan, "igoera horri esker, Gogora Institutuak bere jarduera-planean markatuta dituen erakusketa-proiektuetan aurrerapauso garrantzitsuak eman ahal izango dira".
Horrekin batera, nabarmendu beharreko beste ataletako bat inbertsioena da, 11 milioiko hazkundea izango baitu. "Inbertsioetarako 23 milioi euro izango ditugu, aurreko urteko 12ak ia bikoiztuz", esan du sailburuak.
Arloz arlo
Justiziak izango du zatirik handiena, 280 milioi euro, hau da, aurrekontuaren % 53. 70 milioi EAEko espetxeetara bideratuko dituzte, 30 milioi langileentzat eta beste 40 milioi espetxe-kudeaketak behar dituen programa eta inbertsioetarako. Era berean, Aukerak - Gizarteratzeko Euskal Agentziak 15 milioi euro izango ditu.
Bestalde, genero-indarkeriaren epaitegien egokitzapena 2022an amaituko da, eta 440.000 euro jasoko dituzte horretarako. Biktimari Laguntzeko Zerbitzuak 1,2 milioi euroko lizitazio berria izango du, eta Zurekin laguntza-programa sendotuko du, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzat.
Justiziaren digitalizazioa eta modernizazioa ere arreta berezia duen beste atal bat da, AVANTIUS sistemaren bidez Espediente Judizial Elektronikoa ezarri baita.
Sailburuak azaldu duenez, aurrekontuen zenbateko handiena Justiziak eramango du, batez ere langileen alorrak; hala ere, Sailaren benetako pisua Gizarte Politiken arloari dagokio berriro, aurrekontuaren ia % 40 jasoko baitu.
Artolazabalen esanetan, etxeko indarkeriaren edo sexu-erasoen biktima izan diren emakumeentzako informazio- eta arreta-zerbitzura (SATEVI) bideratutako partida handitu egingo da, langile gehiagorekin eta sexu-indarkeriako egoera berrietarako linea espezifiko batekin. Gainera, sexu-abusuaren biktima diren adingabeei laguntzeko eredu berri bat jarri du martxan Jaurlaritzak Araban.
Halaber, BetiONek bere partida handituko du, bakardadean dauden adineko pertsona guztiengana iristeko, eta Europako funtsetara aurkeztutako proiektuak batera finantzatzeko partidak sartuko dira, hala nola Bizitza Betea, OK etxean edo historia soziosanitario elektronikoak, besteak beste.
Pobrezia energetikoaren beharrei erantzuteko partida bikoiztuko da, eta 10 milioi gehiago bideratuko dira gizarte larrialdiko laguntzetarako eta beste bi milioi gehiago Inor Atzean Utzi Gabe funtserako.
Gainera, Berdintasunerako Legea izapidetzean, indarkeria matxistaren ondorioz umezurtz geratzen diren adingabeentzako prestazio berri bat sortzea jasoko da, eta 25.000 euro baztertuko dira helburu horretarako, eskubide subjektibo bat delako handitu daitezkeenak.
Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak milioi bat euro jasoko ditu Lehen Urratsa covid-19aren baitan jaiotako programari jarraipena bermatzeko. Bestalde, Euskarri estrategiaren esparruan ere, familia-laguntzako sarerik gabeko gazteen bizitza independentea bultzatzeko, 170.000 euro jasoko dituzte gazte-justiziaren euskal sistematik ateratzen direnentzat.
Hain zuzen ere, gazteen emantzipazioa da Justizia Sailaren erronka nagusietako bat. Gazteria Zuzendaritzak kudeatzen du, eta bi milioi jasoko ditu lau programa garatzeko.
Emakunderi dagokionez, sailburuak azaldu duenez, "berdintasuna zeharkako gakoa da gure sail osoan, eta aurkeztu ditudan arlo guztietan dago". Nabarmendu beharreko proiektuen artean, Beatriz Artolazabalek "Nahiko, Beldur Barik edo Gizonduz proiektu estrategikoen sendotzea, edota emakumeen elkarteei eta indarkeria matxistaren prebentziorako bideratutako dirulaguntzak" azpimarratu ditu.