Ekonomia -

Energiaren Euskal Erakundea

Autokontsumo energetikorako instalazioen dirulaguntzak gaur sartuko dira indarrean

2023. urtearen amaierara arte, 37 milioi euro kudeatuko dira. Ekimenak 4.000 instalazio berriztagarri baino gehiago martxan jartzen laguntzea espero dute.

Eguzki plakak etxebizitza baten kanpoaldean. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Eguzki plakak etxebizitza baten kanpoaldean. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Nola eskatu behar dira autokontsumorako instalazioak jartzeko dirulaguntzak?

1:12

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadin ekoizpen berriztagarriari bultzada bat emateko dirulaguntza berriak ostegun honetan sartuko dira indarrean, Energiaren Euskal Erakundeak jakitera eman duenez.

2023. urtearen amaierara arte, 37 milioi euro kudeatuko dira, autokontsumorako aprobetxamendu berriztagarriak, biltegiratze-sistemak eta beroa lortzeko iturri berriztagarriak instalatzen laguntzeko.

Espero da pizgarri hauen bidez, guztira, 4.000 instalazio berriztagarri berri baino gehiago martxan jartzen laguntzea.

Etxebizitzetako eta administrazio publikoetako autokontsumoa % 70era arteko dirulaguntzekin bultzatuko dute, eta 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan martxan jartzen diren instalazioak modu berezian babestuko dituzte.

Euskal Estrategia Energetikoak 2030erako energia berriztagarrien kontsumoa % 21era heltzea aurreikusi du.

Energiaren Euskal Erakundearen hitzetan, autokontsumoak ikuspuntu berri bat zabaltzen du; izan ere, kontsumitzailea hirugarren batek eskaintzen zuen energiaren erosle hutsa zen orain arte, baina aurrerantzean energia-ekoizle izateko aukera du teknologia berriztagarrien bidez.

Programak

Autokontsumoa bultzatzeko interesa duten erakundeek, enpresek eta pertsonek sei laguntza programa izango dituzte:

1., 2. eta 3. programak, zerbitzuen sektoreari eta ekoizpen-sektoreei zuzendutakoak, bestea beste, autokontsumo berriztagarria nahiz biltegiratze-sistemak bultzatzeko izango dira. Instalazioaren potentziaren eta eskatzaile-motaren arabera, % 15 eta % 50 bitarteko laguntza jaso ahal izango dute.

4. programak autokontsumorako instalazioak lagunduko ditu diruz, eta etxebizitzei eta administrazio publikoei zuzenduta dago, bai eta hirugarren sektoreari ere (GKEak, irabazi-asmorik gabeko erakundeak, etab.). Sektorearen eta autokontsumo-motaren arabera, kostu hautagarriaren % 70erainoko laguntzak daude.

5. programa sektore horiei zuzenduta dago, eginda dauden baina bateriarik ez daukaten instalazioetan biltegiratze-sistemak jartzeko. Kostu hautagarriaren % 50erainoko laguntza jasotzeko aukera egongo da.

Azkenik, 6. programa instalazio berriztagarri termiko berriak egiteko izango da, besteak beste, eguzki-energia termikoa, biomasa, geotermia eta aerotermia erabiltzen duten instalazioak (ur bero sanitarioan edo berokuntzan erabilgarriak). Laguntzak kostu hautagarriaren % 20 eta % 60 artekoak izango dira, teknologien arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa Larrialdi klimatikoa Energia berriztagarriak Energia kontsumoa