Ekonomia -

PENTSIOEN ERREFORMA

Gaur egingo dute Belaunaldiarteko Ekitatearen Mekanismoaren inguruko akordioa ixteko azken bilera

Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioa sindikatuekin eta enpresaburuekin bilduko da Madrilen, alde guztiek akordioa ixteko ezarritako azken egunean. Kotizazio sozialak 10 urtez % 0,6 igotzea proposatu zuen Ministerioak azken bileran.

Jose Luis Escriva Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroa.
Jose Luis Escriva Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroa.
Jose Luis Escriva Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroa.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak eta gizarte eragileek pentsioen erreformari buruzko hitzordu erabakigarria dute gaur Madrilen. Berez azkena izan beharko luke, gaur bertan amaitzen baita Belaunaldiarteko Ekitate Mekanismoa (MEI gaztelaniaz) adosteko jarri zuten epea, baina akordioa urrun dago oraindik.

Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak kotizazio sozialak 10 urtez % 0,6 igotzea proposatu zuen azken bileran, pentsio sistemak etorkizunean izan ditzakeen tentsioak arintzeko.

Kotizazioak igotzeko proposamena ez du begi onez ikusten patronalak. Izan ere, neurri horrek enpresen kostuen igoera eragingo duela ohartarazten dute, eta jada ezarri diren beste bi igoerekin, ildo horretan hartzen den hirugarren neurria dela. 2022ko aurrekontu-proiektuan jasotako Sozietateen gaineko Zergaren gutxieneko tasa igotzea eta lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) igotzea dira beste biak.

Aitzitik, sindikatuek ontzat ematen dute kotizazio sozialak areagotzea, 'baby boomerren' etorkizuneko pentsioak bermatzeko. 1958 eta 1977 artean jaiotakoei deitzen zaie 'baby boomer', 14 milioi lagun dira, aurreko 20 urteetan baino 2,5 milioi gehiago eta ondorengo 20 urteetan baino 4,5 milioi gehiago.

Kongresuan tramitatzen ari diren pentsioen erreformaren lehen atala da MEI edo Belaunaldiarteko Ekitate Mekanismoari dagokiona, eta hitzartzen dena zuzenketa bidez sartzea da asmoa. Mekanismo hori 2027tik aurrera egongo da indarrean, eta 2013ko erreformaren jasangarritasun-faktorea ordezkatuko du. Sistemaren epe luzerako oreka eta pentsiodunen belaunaldien arteko ekitatea bermatzea du helburu.

Jose Luis Escriva ministroaren hitzetan, planteamendu honek "ez ditu pentsioak inolaz ere murrizten", 2013ko erreformak egiten zuen bezala, eta sistemari "lasaitasuna ematen dion segurtasun balbula" sortzen duela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan Erreformaren Legea Confebask Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Pentsioak Enpresaburuak CCOO UGT