Ekonomia -

Industria

ArcelorMittal Sestaok otsailean berrekingo dio jarduerari, ez urtarrilean, aurreikusi bezala

Lantegia abenduaren 7an gelditu egin zen mantentze-lan batzuk egiteko. "Uste baino gehiago" luzatuko dira, ordea, enpresak dioenez. Sindikatuentzat "albiste txarra" da, ez baitago itzulerarako datarik; gainera, bien bitartean, aldi baterako langileak kaleratu egingo dituzte.

ArcelorMittal Sestao. ELA.
ArcelorMittal Sestao.
ArcelorMittal Sestao. ELA.

EFE | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den abenduaren 7an gelditu zuen ekoizpena ArcelorMittal Sestao lantegiak, mantentze-lanak egiteko eta isurketa jarraituaren bigarren lerroa birmoldatzeko. Jarduerari urtarrilean berrekitea zen hasierako asmoa, baina otsailera atzeratuko da itzulera.

Sestaoko ArcelorMittal lantegiko zuzendaritzak enpresa batzordeari jakinarazi dionez, lantegiak "ez dio jarduerari urtarrilaren hasieran berrekingo", sindikatuetako iturriek EFE albiste agentziari jakinarazi diotenez, "energia kostu handiak" argudiatuta.

Asteazkenean egindako bileran, lantegiko zuzendaritzak hiru lantaldeko lan-egutegia aurkeztu zien sindikatuei, ohiko bost lantaldeko lan-egutegiaren ordez, hain zuzen ere, enpresak "lantegia berriz martxan ez jartzea" erabaki zuelako eraldaketa-kostuengatik. Halaber, jakinarazi zien ez zutela abiatze-datarik aurreikusi.

Sindikatuen arabera, ostegun honetan bertan lantegiko zuzendaritza behin-behineko ehun bat langileri "kaleratzea jakinarazten" hasi da, eta Sestaoko ekoizpena taldeak Espainian dituen beste lantegi batzuetara birbideratzeen ari dira.

Enpresak adierazi du "atzeratu" egin dutela abiatzea, bigarren linea birmoldatzeko lanek "aurreikusitakoa baino denbora gehixeago" beharko dutelako, eta konpainiak egindako "azken plangintza" betez gero, baliteke Sestaoko lantegia "otsailean" abiatzea.

"Merkatu energetikoaren egoerak ez du laguntzen", esan du, baina "ez da arrazoi nagusia" lantegia martxan jartzeko prozesua atzeratzeko; hala ere, "kontuan hartzeko faktorea" da, enpresaren iritziz.

"Urtarrilean egoera nola dagoen ikusi beharko dugu, baina, gaur-gaurkoz, otsailean berriro martxan jartzea da asmoa", adierazi du ArcelorMittalek.

Enpresaren arabera, 50-60 langileri etengo zaie kontratua, aldi baterako lanerako enpresetakoei, baina, berriz hartuko omen dituzte lantegia berriro hasten denean martxan. 

Langileek urtarrilean isurketaren bigarren lerroa mantentzeko lanekin jarraituko dute, baita "lan egiteko modu berria" ikasteko prestakuntzarekin ere; izan ere, plangintza berriaren arabera, lantegiak etengabeko bi isuri-lerro eta bi labe izango ditu. 

Sindikatuetako iturrien arabera, enpresaren iragarpena "albiste txarra" da, batez ere, ez dagoelako ekoizpenari berriz ekiteko datarik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao Bizkaia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Industria Metalgintza