Ekonomia -
Enplegu publikoa
Eusko Jaurlaritzak 4.000 lanpostu inguruko Lan Eskaintza Publikoa onartu du 2021erako
Hezkuntzarako 1856 postu izango dira eta Osakidetzarako, 1273; 435 lanpostu Administrazio Orokorrerako gordeko dituzte, eta gainerako 424ak, Ertzaintzarako.
Agentziak | EITB Media
Eusko Jaurlaritzak 4.000 lanpostu inguruko Lan Eskaintza Pulblikoa (LPEa) onartu du 2021erako: Hezkuntzarako 1856 postu izango dira eta Osakidetzarako, 1273; 435 lanpostu Administrazio Orokorrerako gordeko dituzte, eta gainerako 424ak, Ertzaintzarako.
"Eusko Jaurlaritzak konpromiso irmoa du behin-behinekotasuna murrizteko, eta, ildo horretan, datorren urtetik aurrera hainbat egonkortze prozesu jarriko dira abian Euskal Administrazioko sektore guztietan", nabarmen du Bingen Zupiria Jaurlaritzaren bozeramaileak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan.
Deialdi bakoitza argitaratzen denean zehaztuko da eskaintzaren prozedura eta baldintzak, bai eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako plazen banaketa ere.
Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen kasuan, "ahalik eta lasterren" jarriko dira martxan. Aurrena, sindikatuekin negoziatu behar du Jaurlaritzak, 2017, 2018 eta 2019 urteetako 1.017 plaza baitaude eskaintzeke. Lanpostu horiek gaur onartutako 435 plazei gehitzen bazaizkie, "datorren urtearen hasieran" Administrazio Orokorrerako eta haren erakunde autonomoetarako lanpostuen lehen deialdi bat egiteko modua egongo da, 1.400 plaza baino gehiagokoa.
Jarraian, eta "datorren urteko ekaina baino lehen", behin-behinekotasunaren arau-esparru berriarekin bat etorriz, 2022 egonkortzeko lan eskaintza onartu nahi du Jaurlaritzak, eta, horrela, Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako gainerako eskaletako lanpostu hutsen deialdiei ekin.