Ekonomia -
Mobilizazioak
EHNE, ENBA, UAGA eta UAGNk sektorearen "egoera larriaz" ohartarazi dute
Nekazari eta abeltzain elkarteek eta sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte merkataritza-guneen aurrean. Abenduaren 28an hasiko dira Nafarroan, eta urtarrilaren 18an bukatuko dira Bizkaian.
Agentziak | EiTB Media
Hegoaldeko nekazari eta abeltzain elkarteek eta sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte, sektoreko profesionalek bizi duten "egoera larria" salatzeko. Aldi berean, "Elikadura Kateko Legea berehala aplikatzea" eskatu diote Espainiako Gobernuari, ekoizpen kostuen azpitik ordaintzea galarazten duelako.
EHNE, ENBA, UAGA eta UAGNko ordezkariek agerraldia egin dute Donostian, lehen sektoreko langileen egoera jasangaitza salatzeko, bereziki, "abeltzaintza azpisektoreena".
Egoeraren aurrean, elkarteek eta sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte merkataritza-guneen aurrean. Abenduaren 28an hasiko dira Nafarroan, eta urtarrilaren 18an bukatuko dira Bizkaian.
"Ekoizpen kostuen hazkunde geldiezinak eta ikaragarriak" sektorea "ito behar" duela ziurtatu dute; izan ere, kostuek % 30 gora egin dute.
Zentzu horretan, esne sektorea adibide bezala jarri dute. Ekoizpen kostuak litroa 0,40 eta 0,42 eurotan kokatu dira, baina abeltzainak esne litroa 0,35 eta 0,37 eurotan kobratzen ari dira.
Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak "egiturazko neurriekin" laguntzea eskatu dute elkarteek eta sindikatuek. Gainera, elikadura kate bidezkoago bat lortu arte aurrerapausoak ematea aldarrikatu dute.
Testuinguru honetan, Elikadura Kateko Lege onartu berriaren "botere teorikoa" onartu dute eragileek. Horregatik, Espainiako Exekutiboari "berehala aplikatzea" eskatu diote. Era berean, erkidegoei haren edukia garatzea eskatu diete, prezioen behatokiak martxan jarriz adibidez.