Ekonomia -

LAN HERIOTZA

Langile bat hil da Ikaztegietan teilatutik erorita

Ezbeharra astelehenean izan zen. Azken hilean gutxienez hiru langile hil dira erorikoen ondorioz, eta atzo beste bi zauritu ziren modu horretara Nafarroan.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikaztegietako (Gipuzkoa) kooperatiba enpresa batean altuera batetik erorita astelehenean lan istripua izan zuen langile bat hil zen atzo, LAB sindikatuak asteazken honetan jakitera eman duenez. 

Ohar baten bidez, sindikatuak "elkartasuna" helarazi die biktimaren senide, lankide eta gertukoei, eta hilabeteko epean Hego Euskal Herrian altueratik erorita hil den hirugarren langilea dela gogorarazi du; abenduaren 18an langile bat hil zen Zumaian eta urtarrilaren 10ean beste bat hil zen Gasteizen.

LABek "erantzun instituzional sendoa" behar dela uste du, eta "altuerako lanetarako plan zehatz bat" eskatu du, "neurri egokiekin eta benetako prebentzio-politikekin, bai eraikuntzarako, bai industria-nabeak eta pabiloiak birgaitzeko eta mantentzeko lanetarako".

"Datuak oso gogorrak dira, eta horietako bakoitzaren atzean izenak, familiak eta lagunak daude. Lanetik etxera itzultzen ez diren langileez ari gara", azpimarratu du.

Atzo, gainera, bi behargin larri zauritu ziren, hamar metroko altueratik erorita, El Buston izandako lan istripuan, Nafarroako Gobernuak jakitera eman zuenez. Oraindik ez dute argitu ezbeharra nola gertatu zen.

ELAk Eusko Jaurlaritzari eta patronalari eskatu die prebentzio legediaren jarraipena egiteko

ELA sindikatuak Ikaztegietako lan heriotza deitoratu du eta Eusko Jaurlaritzari eta patronalari eskatu die ezar ditzatela prebentzio legeria betetzen dela kontrolatzeko neurriak.  Sindikatuak ohar batean salatu duenez, lan prekaritatea gero eta handiagoa da, lan-erritmoak, jasanezinak, lanaldiak, amaigabeak, eta sektoreko hitzarmenak eta prebentzio araudiak aldiro urratzen dira.

Hori guztia dela eta, ELAren esanetan ezinbestekoa da osasuna eta bizitza erdigunean jarriko dituzten erabakiak hartzea urtero 50 langile baino gehiago hil ez daitezen. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Albisteak