Ekonomia -

lan erreformaren legea

Espainiako Gobernuak eta kideek "egonkortasuna" bermatuko dute, lan erreforman bat etorri ez arren

Gobernutik nabarmendu dute "gehiengo progresistak" bere horretan dirauela, eta legeak onartzen jarraituko dutela etorkizunean, lan erreformaren botazioak eraginik izango ez duelarik.

Diputatuen Kongresua. Artxiboko argazkia: EFE
Diputatuen Kongresua. Artxiboko argazkia: EFE
Diputatuen Kongresua. Artxiboko argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchezen Gobernua eta kide nagusietako batzuk bat datoz: lan erreformak eragindako desadostasunak (ERC, EH Bildu eta EAJren ezezko botoekin) ez du norabide aldaketarik suposatuko legealdian, eta ez du arriskuan jarriko betearazlearen egonkortasuna. Orain Ciudadanosekin ados jarri den arren, ohiko aliatuekin negoziatzen jarraituko du.

Espainiako Gobernutik nabarmendu dute "gehiengo progresistak" aurrera egingo duela eta legeak onartzen jarraituko dutela etorkizunean. Hori dela eta, UPN eta Ciudadanosen babesarekin itxitako lan erreformaren botazioak ez du eraginik izango. Ines Arrimadasen babesa ere eskertu dute.

Sozialistek eta Unidas Podemos taldeak ez dute arriskuan ikusten legealdia, lege dekretua baliozkotzeko batera lan egin ostean.

Kazetariei egindako adierazpenetan, Hector Gomez Kongresuko PSOEko bozeramaileak eta Adriana Lastra alderdi bereko idazkariordeak azaldu dute taldeekin hitz egiten jarraituko dutela, orain arte bezala, akordioak bilatzeko. Izan ere, indarren korrelazioaz jabetuta daude.

"Bi urte ditugu aurretik herrialde hau eraldatzeko, eta geure betiko kideekin egingo dugu", azpimarratu du Lastrak. Onartu du oraingoan ez dela posible izan batura hori, baina nabarmendu du "zailtasunak beti gainditzen" direla, eta gobernu-kideekin duten harremana ona dela.

Gainera, ez dute uste desadostasunak inflexio-puntua suposatuko duenik ERC edo EH Bilduren lerroetan. Azken horiek adierazi dutenez, bozketa honetan inbestidura blokea hautsiz gero, hurrengo pausoa da berregiteko lan egitea, legealdiak ezkerretik jarrai dezan.

Kataluniako errepublikanoek uste dute Gobernua dela "erretratatuta" gelditu dena, eta Diputatuen Kongresuan eratutako baturak inorentzat kosturik izango badu, Yolanda Diaz Lan ministroarentzat izango duela.

Aldeko botoa eman duen Joan Baldoví Compromiseko diputatuak deitoratu du erreforma inbestiduraren gehiengoak ez onartzea. Haren aburuz, horrek "sendotasun mezua" bidaliko zukeen. Edonola ere, ez du aurreikusi egonkortasuna arriskuan jarriko duen hausturarik, "jendea arduratsua delako", eta aprobetxatu behar duten aukera-leiho baten aurrean daude.

Ciudadanosek, oraingoan betearazlearekin lerrokatu delarik, ez du iraulketarik espero estrategian, jarraikortasuna baizik. Talde laranjatik azpimarratu dute euren jarrera ez dela aldatu, eta babestu egiten dituztela interes orokorrerako onuragarri ikusten dituzten arauak. Gobernuarekin izandako elkarrizketak lan erreformaren esparrura mugatu dira eta ez dira etorkizunaz aritu, azaldu dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Lan Erreformaren Lege berria EAJ-PNV Gipuzkoa PSOE UPN Espainiako Gobernua argazkiak Pedro Sánchez albisteak Ekonomia albisteak EH Bildu Ciudadanosi buruzko albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Podemos Oriol Junqueras albisteak