Ekonomia -
EUROPAKO FUNTSAK
Azpiazu: "Gaur-gaurkoz jaso ditugun Europako funtsak dagozkigunetatik urrun daude"
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuaren esanetan, baliabide horiek euskal produkzio-sarera heltzea "premiazkoa" da. Gaur egun, 665,4 milioi euro jaso ditu Euskadik, kopuru osoaren % 3,9.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak esan duenez, egun Euskadin jasotzen diren Europako funtsak "egokitu beharko litzaizkigukeen funtsetatik urrun" daude. Horrela, agerian utzi du baliabide horiek euskal produkzio-sarera heltzeko beharra.
Azpiazuk agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordean, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismotik (MRR) datozen Europako funtsen egoeraren berri emateko.
2021eko abenduaren 31ra arte, Estatuko Administrazio Orokorrak 17.163 milioi euro banatu zizkien autonomia-erkidegoei 2021-2023 aldirako. Horietatik, Euskadiri 665,4 milioi euro egokitu zaizkio. "Kopuru osoaren % 3,9a da hori, eta, gure ustez, Estatuan dugun pisuagatik egokitu beharko litzaizkigukeen funtsetatik urrun dago", adierazi du Azpiazuk. Gauzak horrela, funts horiek gehitzen joango direla espero du.
Euskal Autonomia Erkidegoak 2022an jaso ditzakeen zenbatekoei buruzko proiekzioa egin du sailburuak; izan ere, 2022ko Estatuko Aurrekontu Orokorrek 26.900 milioi euro bideratuko dituzte Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planera. Horietatik, 8.712 milioi euro autonomia-erkidegoei transferituko zaizkie.
2021ean bezala, Euskal Autonomia Erkidegoari guztizkoaren % 3,9 esleitzen bazaio, guztira 340 milioi euro dagozkio. Zenbatekoa biztanleria-pisuaren arabera (% 4,7) banatuko balitz, 407 milioi euro jasoko lituzke.
Ildo horretan, Azpiazuk eskatu du premiazkoa dela "tresna horien bidez kudeatzen diren Europako baliabideak berehala, ahalik eta azkarren, Euskadiko produkzio-sarean sartzea".