Ekonomia -

ELKARRIZKETA EGUN ON EUSKADIN

Bittor Oroz: "Sektoreak ezin du momentuko gainkostu hori azken preziora gehitu gabe lanean jarraitu"

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordearen ustez beharrezkoa da kostu batzuk aztertzea eta horren baitan kateko eragile guztiek kostu horiek ordain ditzaten konpromisoa hartzea.

Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea
Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea
"Ezin diogu eskatu sektoreari prezioen momentuko gain koste hori azken preziora gehitu gabe lanean jarraitzea"

4:52

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehen sektoreak azken urte eta hilabeteotan bizi duen egoera latzaren aurrean Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak azaldu du sektoreak laguntza behar duela, "gainkostuak oso azkar igo baitira".

Gauzak horrela, ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan astelehen honetan nabarmendu du ezin zaiola eskatu sektoreari "prezioen momentuko gainkostu hori azken preziora gehitu gabe lanean jarraitzea".

Sailburuaren esanetan, kateko atal bakoitzak bere gainkostua bermatuta eta ziurtatuta izan behar du. Hala, etorkizunera begira aukera bakarra ikusten du eta horretan lanean ari direla aitortu du Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak sortu berri den Behatokiaren bidez: "Kostu batzuk aztertu behar dira, eta, horren baitan, eskatu diezaiegun kateko eragile guztiei kostu horiek ordaintzea konprometitu daitezela gutxienez", adierazi du.

Orozen ustez, hori egin ezean, ezinezkoa da aurrera jarraitzea; izan ere, lehen sektorea beti egongo da "pentsuen, gasolioaren eta bestelakoen prezioen gorakadaren menpe", aitortu du. "Oinarria jarrita dago. Kostu horiek kalkulatzeko metodologia bat adosteko hitzarmen bat sinatu zen, eta orain eragileei eskatu behar diegu momentu latz honetan izan daitezela arduratsu", esan du. Ezin diegu gure baserritarrei, gure arrantzaleei, gure ekoizleei.. kostatzen zaien baino gutxiagogatik lan egitea eskatu", gaineratu du.

Sistema dagoeneko aurkitu dutela uste du Orozek, eta "orain ahalik eta azkarren akordio handi bat behar dugu, denen artean prezioa eraikitzeko beste modu bat adosteko", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia Telebista Euskal Herrian Eguneko albisteak Albisteak Egun on Euskadi Nekazaritza albisteak Abeltzaintza albisteak