Ekonomia -
Garraiolarien greba
Garraiolariekin lortutako akordioa "aurrerapauso garrantzitsua izan daiteke", Tapiaren arabera
Sailburuak gogorarazi duenez, garraiolariek dituzten eskarietako batzuk "egiturazkoak" dira, baina aitortu du erregaien prezioak tenkatu duela egoera.
Agentziak | EITB MEDIA
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren hitzetan, erregaien prezioa merkatzeko Espainiako Gobernuak garraiolariekin lortutako akordioa "aurrerapauso garrantzitsua izan daiteke". Hala, "elkarrizketaren aldeko" apustua egin du, grebak agerian utzi baitu "garraioaren sektorean ez ezik gainerakoetan ere eragiten" duela.
Goizaldean heldu da Sanchezen gobernuaren eta Errepideko Garraioaren Batzorde Nazionalaren arteko itunaren albistea. Besteak beste, erregai litroko 20 zentimoko beherapena aplikatzea adostu dute bi aldeek. Hain justu, horri buruz galdetu diote Tapiari Bizkaia Irratian egin dioten elkarrizketan.
Sailburuak gogorarazi duenez, garraiolariek dituzten eskarietako batzuk "egiturazkoak" dira, baina aitortu du erregaien prezioak "eragin zuzena" izan duela lanuzteak deitzeko orduan.
Greba Euskadin izaten ari den eraginaz galdetuta, Tapiak azaldu du "enpresaren arabera ezberdina" dela. Horren hitzetan, EAEko portuetara heltzen diren merkantziak deskargatzeko aukera izaten ari da "maiz", baina gerora, "kamioi horiek ezin dira atera".
Era berean, gogorarazi duenez, "enpresa askok ekoizten jarraitzen dute, baina ekoitzitako hori gero ezin dute atera, eta atzerrian ez dute ulertzen zer gertatzen ari den, eta kontratuan jasotakoa betearazten dute, hots, isunak eskatzen dituzte. Oso kaltegarria da". Bestalde, beste lantegi batzuek hornidura arazoak dituztela kontatu du, eta ekoizpena "eten beharrean" daudela.