Ekonomia -

GARRAIOLARIEN GREBA

Hiru sindikatuko garraiolariek grebari eustea erabaki dute

Altsasun bildu dira goizean afiliatuak eta "gehiengo zabalez" hartu dute grebarekin jarraitzeko erabakia. Atzo, Nafarroako Garraiolarien Elkarteak martxoaren 14ean hasitako greba mugagabearekin jarraitzea erabaki zuen.

Hiru sindikatuak deitutako kamioi karabana. Artxiboko argazkia: EFE
Hiru sindikatuak deitutako kamioi karabana
Hiruk garraioaren geldialdiari eutsiko dio

1:21

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru Euskal Herriko Garraiolarien sindikatuak Garraioaren Defentsarako Plataformak deitutako grebari eustea erabaki du goizak gaur Altsasun egindako batzar orokorrean. Sindikatuak adierazi duenez, "gehiengo zabalez" hartu dute erabakia. Astelehen honetan, aurki egingo dituzten mobilizazioak jorratuko dituzte asanbladan.

Hala, mobilizazioekin jarraituko dute, garraioan "baldintza duinak" eskatzeko, izan ere, Espainiako Gobernuaren eta Errepideko Garraioaren Batzorde Nazionalaren arteko akordioa "ez da nahikoa". 

"Gutxieneko batzuk lortu arte jarraituko dugu borrokan, garraiolari bakar batek ere ez dezan lanik egin baldintza prekarioetan, ez eta kostuen azpitik ere", ohartarazi dute. 

Ostiralean, Langraitz Okan bilduta, garraiolari autonomoarekiko "errespetu falta" salatu zuen sindikatuko zuzendaritzak eta greba mugagabea egitera "behartu" dituztela esan zuten. Hori baita bide bakarra erakundeek "gutxieneko arreta" eman diezaieten, euren iritziz.

Espainiako Gobernuak Errepideko Garraioaren Batzorde Nazionalarekin egindako akordioa ez dela nahikoa berretsi zuten eta salatu zutenez, "enpresa handien interesak saritzen dituzte, enpresa bakoitzeko 400.000 euroraino ematearekin". Era berean, enpresa handi horiei "garraiolari autonomoaren egoera kaskarraren errua" izatea egotzi zieten.

Akordioak zenbat puntu ez dituela zehaztu ere gaineratu zuten, garraioa azpikontratatzea edo kostatzen denaren azpitik ematea zerbitzua, besteak beste.  Gainera, beste erreklamazio "historiko" batzuk ere ez direla ezta jorratu ere egin salatu zuten, 60 urterekin erretiroa hartzea edo sektoreko gaixotasun profesionalak aitortzea, adibidez.

Atzo, TRADISNA Nafarroako Garraiolarien Elkarteak martxoaren 14ean hasitako greba mugagabearekin jarraitzea erabaki zuen. Horiek ere uste dute akordioan jasotako neurriak ez direla "nahikoa" eta "ez diotela irtenbide errealik ematen sektoreak dituen arazoei".

Garraiolariek beste bilera bat eskatu dute ministroarekin

Manuel Hernandez Errepideko Garraioaren Defentsarako Plataforma Nazionaleko bozeramaileak bilera berri bat eskatu dio Raquel Sanchez ministroari. Hala, garraiolarien 14 eguneko geldialdia eragin duen kostuen azpiko kontratuen gatazka "desblokeatzea" espero du.

Hernandezek Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendarako arduradunari helarazi nahi izan dio mobilizazioak etengo lituzketela, lanean gutxienezko errentagarritasuna bermatuko dien errege dekretu baten bitartez, aldi baterako, Merkantzietarako Lurreko Garraioaren Kontraturako Legea moldatzea bideragarri izan arte. Hala azaldu du TVEko 24 orduko katean eskainitako elkarrizketan.

Plataformako bozeramailearen arabera, zamaketarien "menpekotasun jarrerak", ezinbestean, galerak ekartzen dizkio euren lanari. Hori dela eta, Espainiako Gobernuari eskatu dio "oinarrizko sektorea hondamenera eramaten duten jardunbide desegokiak eman ez daitezen legeak egiteko".

Ohar batean, plataformako Zuzendaritza Batzordeak adierazi du ezinezkoa dela "abiatzea, aurretik berehala indarrean sartuko den akordiorik sinatu gabe". Era berean, berretsi dute probintzia guztietan dutela euren elkartekideen "babes eta irmotasun osoa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak albisteak EAE albisteak Lana berriak Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Eguneko albisteak Euskal sindikatuak Lan gatazkak azken ordukoa Merkantzia-garraioari buruzko albisteak