Ekonomia -
GARRAIOLARIEN GREBA
Hiru sindikatuak deituta, kamioi karabana egin dute N-1 errepidean
Garraiolariek Olaberritik Irunera joan-etorria egin dute. Hiru sindikatuko garraiolariek elkarretaratzea egingo dute berriro asteazken honetan, Donostiako Gipuzkoa plazan, Foru Aldundiaren aurrean.
EITB MEDIA
Kamioilariek kamioi karabana egin dute N-1 errepidean, Hiru sindikatuak deituta. 08:00etan abiatu dira Olaberriatik, eta Irunera joan-etorria egin dute. Grebaren hirugarren asteari ekin zioten atzo Hego Euskal Herriko garraiolariek, eta karabana egin zuten N-1ean.
Era berean, Hiru sindikatuko garraiolariek elkarretaratzea egingo dute asteazken honetan, Donostiako Gipuzkoa plazan, Foru Aldundiaren aurrean kamioien bidesarien aurka protesta egiteko.
"Beasain eta Bergara artean, Deskargan, kobratzen ari dira dagoeneko, eta 2023an berriz kobratuko dute N-1 errepidean eta A-15 autobian", sindikatuak salatu duenez.
Horrela, Hiruk mobilizazioei eutsiko die. "Euskal garraio sarea bizirik irauteko neurriak" eskatu dizkie EAEko administrazioei, "inork kostuen azpitik lan egin ez dezan".
Sindikatuaren ahotan, errepideak "ondasun publikoak dira", garraiolariak "zerbitzu publiko bat ematen du" eta, beraz, errepideen "mantentze lana publikoa izan behar da".
Bilboko Portua
Bitartean, garraiolari autonomoen greba mugagabeak jarraitzen du Bilboko Portuan ere, hamaseigarren egunez jarraian. Grebalariek eta enpresek negoziazioa zabalik dute, gatazkari konponbide bat emateko saiakeran.
Grebalarien iturriek EFE albiste agentziari azaldu diotenez, aldeen arteko jarrerak "nahiko urrun" daude; ondorioz, ez da berehalako irtenbiderik espero.
Ordezkari politikoek gatazkaren konponbidean ez inplikatzea deitoratu dute iturri berdinek. "Portua bezalako azpiegitura bat geldi egoteak berdin zaiela ematen du", aurpegiratu dute.
"Galerak" edukiz lanik ez egiteko eta "baldintza duin batzuk" lortzeko borrokan ari direla gaineratu dute. Gatazka dagoeneko "enkistatu" eta Portuko egoerak okerrera egin dezakeela ohartarazi dute.