Ekonomia -

Lehen sektorea

Aralarko Mankomunitatearen "utzikeria" eta esne ekoizleen "egoera kaskarra" salatu dituzte EHNEk eta ENBAk

Ordiziako (Gipuzkoa) Artzain Eguna "lehen sektorearen irudia hobetzeko" eta euren jarduera ekonomikoa sustatzeko "baliagarria" dela uste dute nekazarien sindikatuok, baina azpimarratuta "artzainek urte osoan zehar behar dutela babesa".

2018ko Ordiziako Artzain Egunaren irudi bat. Argazkia: EITB Media
2018ko Ordiziako Artzain Egunaren irudi bat.
2018ko Ordiziako Artzain Egunaren irudi bat. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur Ordizian (Gipuzkoa) Artzain Eguna ospatzen dela baliatuta, lehen sektorearen beharrizanak aldarrikatu nahi izan dituzte EHNE eta ENBA sindikatuek, baita "urte osoan" jaso beharko luketen babesa ere. Hala, jaiaz harago, Aralarko Mankomunitatearen "utzikeria" eta esne ekoizleen "egoera kaskarra" salatu dituzte.

Bi sindikatuon webguneetan eskegitako prentsa ohar bateratuan diotenez, "Ordizian irudikatzen den transhumantzea egiten duen mendiko artzaintzaren duintasuna" aldarrikatu beharra dago, eta horren harira, kritikatu dute "azkenaldi honetan, Aralarko mendiak Enirio-Aralar Mankomunitatearengandik jaso duen utzikeria eta axolagabekeria". Argudiatu dutenez, "mendian bizi eta diharduten artzainentzat txaboletarako inbertsioak, xehaketak eta bide azpiegiturak ezinbestekoak" dira. 

Era berean, Idiazabal gazta egiteko esnea ekoizten duten artzainen "egoera kaskarra" salatu dute. Diotenez, "ekoizpen kostuak % 10-12 igo dira" baina "jasotzen duten ordainak ez du gora egin". Hala, gaztandegiek ordaindutakoak "izoztuta" daudela edota "% 2 soilik" igo dituztela jakinarazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisia Gipuzkoa Ekonomia Prentsa digitalaren azken orduko Ordizia Albisteak Euskal sindikatuak Nekazaritzaren egungo albisteak Abeltzaintza albisteak Aralar mendilerroa Gipuzkoa