Ekonomia -

maiatzaren lehena

Lan eta gizarte prekarietatearen aurka atera da ELA Hego Euskal Herriko hiriburuetan

"Borrokan ari gara" lelopean, manifestazioak izan dira igande honetan Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Sindikatuak "ezinbestekotzat" jo du maiatzaren lehen honetan langileen antolakuntza.

ELAk deitutako manifestazioa, Bilbon. Argazkia: @ELABilbo
ELAk deitutako manifestazioa, Bilbon. Argazkia: @ELABilbo
ELA prekarietatearen aurka eta soldaten defentsan atera da kalera

1:11

itxaso leon kareaga | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lan eta gizarte prekarietatearen salaketa dute ardatz igande honetan, ELAk deituta, Hego Euskal Herriko hiriburuetan izan diren manifestazioek; maiatzaren lehena dela eta, Langileen Nazioarteko Eguna.

Sindikatuak azpimarratu du "ezinbestekoa" dela langileen antolakuntza, eta "inoiz baino garrantzitsuagoa, soldatak KPIaren gainetik igotzea".

Bilbon, Donostian eta Iruñean, 11:30ak aldera abiatu dira martxak, "Borrokan ari gara" lelopean. Gasteizkoa, berriz, apur bat beranduago atera da, eguerdiko 12:00etan.

Lakuntza: "Enpresei zergak jaistea da arazoa, ez soldatak igotzea"

Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritza kritikatu du Bilbon egindako ekitaldian, sindikatuei KPIarekin bat datozen soldata igoerak aldarrikatzeari uko egiteko eskatu izanagatik. Berretsi duenez, "arazoa ez da soldatak igotzea, enpresei zergak jaistea baizik".

"Azken hamarkadan, erosahalmenaren % 10 galdu dugu -% 17, sektore publikoan- enpresek mozkin historikoak aitortu bitartean, eta pobretze estrategia horren parte izateko eskatzen digute orain, duela bi hamarkadatik aberastasuna okerrago banatzen den gizarte batean", gaitzetsi du.

Lakuntza: "Greba, jendea antolatu eta biltzea, tresnarik onena da egun prekarietatea desagerrarazteko"

Lakuntzak baietsi duenez, EAE da "enpresa handiek" zerga gutxien ordaintzen duten erkidegoetako bat, "hobari eta salbuespenen artean". Nabarmendu du enpresa handi horiek "gobernuek baino gehiago agintzen" dutela, eta botere publiko horiek ez direla interes orokorrak defendatzeko "gai".

Testuinguru horretan, "mozkin historikoak eskuratu bitartean herritarrei argi eta garbi iruzur egiten dieten" enpresa energetikoak salatu ditu, eta adierazi du Gobernuek "iruzur hori baimentzen" dutela, "espekulatzaileak eta iruzurgileak euren lekuan ipini ordez".

Mitxel Lakuntza (ELA), Bilbon. Argazkia: @ELAsindikatua

"Enpresei zergak jaisteak eta soldatak ez igotzeak helburu bakarra lortzen du: desberdinkeria eta pobrezia areagotzea", esan du.

Prekarietatea ere izan du hizpide Lakuntzak. Nabarmendu duenez, Hego Euskal Herrian 541.600 langile daude egoera prekarioan -311.000 emakume-, eta ziurtatu du ELAk lehentasun gisa duela prekarietate hori desagerraraztea. Helburu hori, dioenez, "ez da gai-zerrendarik ere ez duten gizarte elkarrizketarako mahaietan denbora galduz lortzen. Greba, jendea antolatu eta biltzea, tresnarik onena da egun prekarietatea desagerrarazteko".

ELAko liderrak Ukrainako gerra eta "gainerako gerra ahaztuak" aipatu ditu eta, bake akordioa aldarrikatu ondoren, errefuxiatu "guztiak" gogorarazi ditu, "gerraren, errepresioaren zein pobreziaren biktimak".

ELAk deitutako manifestazioa, Bilbon. Argazkia: @ELABilbo

Iruñeko manifestazioa

Iruñearen kasuan, Gurutze plazatik atera da manifestazioa, Udal plazan amaitzeko. Ibilbide osoan zehar, bertaratutakoek askotariko leloak oihukatu dituzte, besteak beste; "ez da dirurik falta, lapurrak soberan dira", "gastu militarrak eskola eta ospitaleetarako" edo "borroka da bide bakarra".

Soldatak eta berdintasuna areagotzeko eskatu dute pankarta ugarik, prekarietatearen aurka azaldu dira beste asko, eta Administrazioko behin-behinekotasunari buruzko mezuak ere izan dira.

Imanol Pascual Nafarroako ELAko koordinatzaileak Ukrainako gerra eta Palestina, Yemen edo Saharakoak bezalako "gerra ahaztuak" gaitzesi ditu, hedabideen aurrean egindako adierazpenetan.

Lakuntzaren ildo beretik, sindikalistak salatu du bai gobernuak bai patronalak "ez dela soldatak igotzeko unea" esaten ari zaizkiela langileei. Haren aburuz, "iruzur handia" da hori, izan ere, "elektrikek eta IBEX 35eko enpresek mozkin historikoak izan dituzte 2021an; horrek esan nahi du aberastasuna sortzen ari dela".

"Aberastasun hori nola banatu da orain aurpegiratu beharreko eztabaida", adierazi du Pascualek, eta azpimarratu du bi bide daudela horretarako, "fiskalitatea eta negoziazio kolektiboa".

ELAk deitutako manifestazioa, Iruñean. Argazkia: @ELANafarroa

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen ari da Bilbon? Donostiako informazioa Iruñea Euskal hiriburuak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Gaurko albisteak Nafarroan Araba Eusko Langileen Alkartasuna Lana berriak Maiatzaren 1a albisteak Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Gasteiz Gaurko azken ordukoa Sindikatuen azken ordukoa