Ekonomia -
Siemens Gamesa
Siemens Energyko ordezkariak Jaurlaritzarekin bilera bat lotzekotan daude euren asmoen berri emateko
Arantxa Tapiak zuzentzen duen Sailak "lehenbailehen" egin nahiko luke hitzordua. Bien bitartean, Departamentua sindikatuekin eta Siemens Gamesako langile batzordearekin harremanetan dago.
Agentziak | EITB Media
Siemens Energy goi mailako ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumen Sailarekin hartu-emanetan daude bilera bat lotzeko asmoz. Multinazional alemaniarrak larunbat gauean iragarri zuen Siemens Gamesa Renewable Energy enpresaren % 100 erosteko eskaintza (zati bat badu jada), eta horren inguruko xehetasunak jaso nahiko lituzke Arantxa Tapiaren Sailak.
Jaurlaritzak "lehenbailehen" egin nahiko luke hitzordua, saileko iturriek zehaztu dutenez.
Bien bitartean, Siemens Gamesako langile batzordearekin eta sindikatuekin harremanetan dago Saila, baina oraindik ez dute bilerarik egin, ez baitira Alemaniako konpainiaren asmo zehatzak ezagutzen.
Hain justu, "informazio zehatza falta" dela deitoratu zuen atzo Tapiak Radio Euskadin eskainitako elkarrizketa batean. Sailburuaren ustez, batez ere langileei eman behar zaizkie argibideak.