Ekonomia -

Krisia Espainian

Espainiako arrisku saria baretu egin da, 480 punturaino

Espainiako arrisku sariak 500 puntuko muga lehen aldiz gainditu ostean, 480 punturaino erori da saio bukaeran.

Espainiako arrisku saria 507 puntutara iritsi da. EFE
Espainiako arrisku saria 507 puntutara iritsi da. EFE
Adituek egoera kritikoan ikusten dute Espainia

01:34

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako arrisku saria baretu egin da eta 480 punturaino egin du behera, Greziako berri txarrak ezagutu ostean; izan ere, merkatuak Europako Banku Zentralaren esku hartzea eta edozein unetan Espainiako zorra erosten hastea espero baitzuen.

EFE albiste agentziak hitz egin duen adituen arabera, esku hartzea oraingoz ez da eman, baina merkatuak esku hartzea ematea nahi du eta horrela gertatzea espero du. Ondorioz, Espainiako zorraren gaineko presioak apur bat behera egin du, baina EBZk zorra erosten hasi izan balitz baino gutxiago.

Abuztutik EBZ Espainiako eta inguruko beste herrialdeetako zorra erosten ibili da, Espainiako bonoak Alemaniakoarekin alderatuta ordaindu behar duen etekin handiari aurre egiteko.

Hala ere, EBZ bi hilabete baino gehiago darama merkatuan esku hartu gabe, eta horrek, tentsioa handitu du, iturri berorien esanetan.

Espainiako arrisku sariak 500 puntuko muga gainditu du saio hasieran, euroa sortu zenetik marka berria ezarrita. Kausak, Greziak hauteskundeak deitu eta eurogunetik ateratzeko arriskua areagotu izana, eta Espainiako finantza sektoreak higiezinen harira egin beharko dituen esfortzu berriak.

Aipatzekoa da Grezia, Irlanda eta Portugal 500 puntuko muga gainditu zutenean erreskatatu zituztela.

Gaur, Espainiaren 10 urterako bonoen interesak % 6,508ra igo dira, atzoko saioa % 6,322an bukatu eta gero.

Alemaniako bonoaren errentagarritasuna, berriz, % 1,437koa da, hau da, jaitsi egin da, atzo % 1,469koa izan baitzen.

Bi herrialdeon bonoen arteko aldeak ezartzen du, hain zuzen ere, arrisku saria.

Espainiako arrisku sariak atzo ere ezarri zuen marka berria, Greziak berriro ere hauteskundeak deitu beharko dituela jakin eta gero.

Greziaren arrisku saria 2.789 puntutan dago, Italiakoa 457 puntutan, eta Portugalgoa 1.025etan.

Burtsa ere aldapan behera

Espainiako burtsak ere zenbaki gorritan bukatu du saioa, eta  % 1,33 egin du behera, 6.611 puntutara jaitsita, hots, 2003ko ekainetik izandako maila baxuenera.

Aurten, Ibex 35 adierazlea % 22,82 jaitsi da.

Balio handi guztiek galerak izan dituzte; Santander % 1,8 jatsi da; BBVA, % 0,41; Iberdrola, % 0,78; Repsol, % 1,29; Telefonica, % 0,28.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea