Ekonomia -
Industria
Makina erremintaren jarduerak % 20 gora egin zuen 2021ean
Iaz 654,8 milioi euroko esportazioa izan zuen, bereziki AEBera, baita Alemaniara ere. Hala ere, sektoreak 100 lanpostu baino gehiago galdu zituen 2020an, aurreko urtearekin alderatuta.
Agentziak | EiTB Media
Euskadiko makina erreminta sektorearen jarduerak % 20 gora egin zuen 2021ean. Iaz 654,8 milioi euroko esportazioa izan zuen, bereziki AEBera, baita Alemaniara ere.
Makina Erremintaren Biurtekoak 31. edizioa du Barakaldoko BECen, astelehen honetatik ekainaren 17ra arte. Sektore oso garrantzitsua da EAEko ekonomian, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak azpimarratu duenez.
2020an, covid-19ak baldintzatutako urtean, sektoreak 813 milioi euroko fakturazioa izan zuen. Bi urte lehenago, 1.000 milioi eurokoa izan zen, eta 4.099 pertsonari lana ematen zion.
Espainiako Estatuaren makina erreminta sektorearen % 53 ordezkatzen du Euskal Autonomia Erkidegoak.
Fakturazioa
2020an, pandemiaren eraginez murrizketa zorrotzenak aplikatu zirenean, makina erremintako 108 enpresen fakturazioak % 17, 2 egin zuen behera, oro har, EAEko industriaren fakturazioak bezalaxe (% 18,2).
2020an, 813 milioi euroko fakturazioa izan zuen sektoreak, aurreko ekitaldian 982,4 milioi euro izan zirenean. 2017-2018 biurtekoan markak hautsi zituen makina erremintak, mila milioi euroko diru-sarrerak gaindituta: 1.043,4 milioi 2018an, eta 1.027 milioi 2017an.
Enplegua
Hala ere, sektoreak 100 lanpostu baino gehiago galdu zituen 2020an, aurreko urtearekin alderatuta (% 2,7).
Lurraldez lurralde azterketa eginez gero, Gipuzkoaren protagonismoa erabatekoa da sektorean; izan ere, 10 lantegitik 6 bertan aurkitzen dira, sektoreko langileen % 75,7 eta 2020an fakturatutakoaren ia % 80.
Bizkaiak 28 enpresa ditu, eta Arabak 12, lanpostuen % 17 eta % 7,4, hurrenez hurren. Azkenik, bi lurralde historikoak fakturazioaren % 15,7 eta % 5 banatzen dira.