Ekonomia -
BIEMHren 31. edizioa
Abian da makina-erremintaren nazioarteko azoka BECen, euskal industriaren ahalmenaren erakusleihoa
Ostiralera bitartean, 28 herrialdetako 1.446 enpresa arituko dira beren produktuak eta berritasunak erakusten makina-erremintaren nazioarteko biurteko azokan.
EITB MEDIA
Makina-erremintaren nazioarteko biurteko azokak gaur ireki ditu ateak Bilbao Exhibition Centren (BEC). Bi urtean behin egin ohi da eta aurtengoa 31. edizioa izango da, 2020koa pandemiagatik bertan behera gelditu ostean. Euskadiko urteko industria-hitzordu handiena da, eta fabrikazio aurreratuaren arloko fabrikatzaile, inportatzaile, banatzaile eta erosle nagusiek parte hartuko dute.
Gaurtik ostiralera bitartean, 28 herrialdetako 1.446 enpresa arituko dira beren produktuak eta berritasunak erakusten. Pandemiaren ondorioz lau urteko etenaldia izan ondoren, 3.400 makina, produktu, zerbitzu eta nobedade baino gehiago erakutsiko ditu mundu osotik etorriko diren milaka bisitarientzat.
Inaugurazio ekitaldian hainbat agintari politiko izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Idoia Mendia eta Arantxa Tapia sailburuak; Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia; eta Bilboko eta Barakaldoko alkateak.
Lehendakariak adierazi du "pena handia" eragin ziola 2020ko azoka bertan behera geratu izanak, baina azpimarratu du aurtengo edizioa "indartuta" eta "negozioak ixteko gogo handiagoarekin" abiatu dela.
Makina-erreminta "euskal industriaren DNAren parte" dela eta Euskadi Europako hiru ekoizle nagusien artean (Alemania eta Italia dauden aurretik) dagoela eta munduko bederatzigarrena dela nabarmendu du. "Ekoizpenaren % 90 baino gehiago esportatzen dugu, eta kualifikazio handiko 16.000 pertsonari baino gehiagori ematen die lana", zehaztu du.
Halaber, sektorearen etorkizuna bermatzeko makina-erremintaren industriak teknologiaren eta digitalizazioaren ikuspuntutik "lehiakorra" izan behar duela esan du. "Euskal enpersak munduko edozein tokitan dauden bezeroei zerbitzua emateko gai izatea ezinbestekoa da", erantsi du.
"Euskal industria aurreratuaren ahalmena erakusteko astea da. Euskadin dugun ahalmen industriala eta teknologikoa munduaren aurrean erakusteko aukera da azoka", azpimarratu du.
BIEMH 4.0 industriaren lehen mailako erakusleihoa izango da, eta Addit3D, BeDIGITAL, IMIC eta WORKinn azoka paraleloekin batera fabrikazio aurreratuaren ibilbide osoa eskainiko du.
Lehiaketa harreman komertzialerako B2B tresna gisa pentsatua dago azoka, negozio-aukera ugarirekin eta ezagutzarako gune gisa, bere balio-proposamena zabalduko duten edukien agenda garrantzitsu batekin, antolatzaileek azaldu dutenez.
Metalgintzako langileen protesta
Bestalde, Bizkaiko Metalgintzako ehunka langilek mobilizazioa egin dute BECen parean, makina-erramintaren nazioarteko azokaren inaugurazioa ekitaldia baliatuz. Sektore horretan sindikatuek greba deitu dute ekainaren 23an eta 30ean eta uztailaren 1ean, lan-hitzarmena berritzeko negozioa abian jartzea aldarrikatzeko.
FVEM patronalak negoziatzeko borondaterik ez daukala salatu dute eta itun horren pean 50.000 langile baino gehiago daudela gogora ekarri dute.
Edonola ere, "arduraz" jokatuko dutela adierazi dute eta, beraz, patronalari hilaren 15ean Lan Harremanen Kontseiluan biltzeko deia luzatu diote.