Ekonomia -

BIEMH-REN 31. EDIZIOA

Makina-erremintaren azoka pozik agertu da 2022ko edizioaren "arrakastarekin", 35.000 bisita jaso ostean

BIEMH Makina-erremintaren nazioarteko biurteko azokak 2024ko ekainaren 3tik 7ra ospatuko du hurrengo edizioa.

Makina-erremintaren nazioarteko azoka, BECen. Argazkia: EITB Media
Makina-erremintaren nazioarteko azoka, BECen. Argazkia: EITB Media
Makina-erremintaren nazioarteko azoka, BECen. Argazkia: EITB Media

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BIEMH Makina-erremintaren nazioarteko biurteko azokak ateak itxi ditu ostiral honetan, 35.000 bisitariko balantzearekin. 2018an, pandemia aurretik, ospatutako azken edizioan baino 7.000 gutxiago izan dira. Antolatzaileak "pozik" agertu dira, hitzordua "arrakasta" izan delako, eta "lan ona" egin izan delako "azoka on" baten baitan.

Pandemia osteko lehen azoka honen balantzearen berri emateko, Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusiak agerraldia egin du, Jose Perez Berdua AFM Clusterreko presidentearekin, Xabier Ortueta AFM Clusterreko zuzendari nagusiarekin, Jose Ignacio Ortiz de Urbinaga AIMHEko presidentearekin eta Thais Basañez-Allende BIEMHko event managerrarekin batera.

Hasierako mintzaldian, antolatzaileek zein erakusketariek eta bisitariek edizio honen garapenarekiko agertutako poz orokorra nabarmendu du Basañezek. 28 herrialdetako 1.436 marka erakusketari izan dira, guztira.

Erakutsitako produktuen "kalitatea" azpimarratu du Basañezek, baita bisita instituzional eta profesionalen garrantzia ere. Gainera, hurrengo edizioaren data aurreratu du, 2024ko ekainaren 3tik 7ra.

Aste honetan zehar, 3.400 makina, produktu, zerbitzu eta berritasun baino gehiago azaldu zaizkie 35.000 bisitari ingururi. 51 herrialdetatik bertaratu dira, eta % 45 Euskaditik kanpokoak ziren.

Bisitari gehienak Alemaniatik, Argentinatik, Frantziatik, Italiatik eta Portugaletik etorri izan dira, ordena horretan. Bertan izan diren kargu profesionalei dagokienez, Basañezek nabarmendu du zuzendariak, kudeatzaileak, jabeak, departamentuburuak eta teknikariak izan direla, oro har.

Nazioarteko 300 erosle handi etorri dira aste honetan Makina-Erremintaren Biurtekora
Nazioarteko 300 erosle handi etorri dira aste honetan Makina-Erremintaren Biurtekora
Nazioarteko 300 erosle handi etorri dira aste honetan Makina-Erremintaren Biurtekora

01:35

Potentziala eta ahalmena

Bai BECeko zuzendaria bai makina-erreminta elkarteetako antolatzaileak, AFM eta AIHME, bat etorri dira azokak "Euskadiren ahalmena eta potentzial industriala erakusteko" balio izan duela.

Ildo beretik mintzatu da Jose Perez Berdud AFMko presidentea. Baieztatu duenez, ikuspuntu orotatik (okupazioa, bisitariak, kontaktu komertzialak zein negozio aukerak), azoka industriala "bere historiako onenetako bat" izan da, aurreikusi bezala.

Bestalde, Xabier Ortuetak azokan izandako 90 enpresaren artean egindako inkesta baten ondorioak eman ditu ezagutzera, edizio honen inguruko iritzia ardatz.

Zentzu horretan, balorazioa 2018koaren parekoa da. Orora, 7,6 eman diote, eta azaldutako produktuen maila teknologikoa 7,9an baloratu dute.

Azokak 28 herrialdetako 1.446 marka erakusketari bildu ditu, besteak beste; Alemania, Austria, Belgika, Kanada, Txina, Hego Korea, AEB, Finlandia, Frantzia, India, Italia, Japonia, Portugal, Erresuma Bata, Txekiar Errepublika, Suitza, Taiwan edo Turkia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal herriak Bizkaiko albisteak Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak BEC argazkiak Ekonomia 2024 Gaurko titularrak Eguneko albisteak Enpresaburuak Industria Euskadiko feriak