Ekonomia -

gas hornidura

OCDEk ohartarazi du Europa atzeraldi ekonomikotik gertu dagoela

Datozen hilabeteetan gas hornidura arazoek jarraituz gero, % 1,5eko atzeraldia espero da Espainian; % 0,7koa, Alemanian; % 0,6koa, Frantzian eta % 0,4koa, Italian.

Mallnowko (Alemania) gas-biltegia. Artxiboko argazkia: EFE
Mallnowko (Alemania) gas-biltegia. Artxiboko argazkia: EFE
Mallnowko (Alemania) gas-biltegia. Artxiboko argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako herrialde askok atzeraldi ekonomikoa jasango dute 2023an, datozen hilabeteetan gas hornidura arazoek jarraituz gero. Europar Batasunak finkatutako kontsumoaren % 15eko murrizketa betetzea lortu ezean gerta liteke hori, batez ere, negua hotza izatekotan, OCDEk ohartarazi duenez.

Astelehen honetan plazaratutako Ikuspegien txostenean Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (OCDE) azaldu duenez, hornidura ez bada beharrak asetzeko puntura iristen, nahasmen ekonomikoak 2024ra arte luzatuko dira, eta mundu osoan izango dute eragina.

Agertoki hori gertatuko ez balitz ere, erakundeak behetik berraztertu behar izan ditu duela hiru hilabete egindako aurreikuspenak, Ukrainako gerraren eragina eta Txinan covidagatik ezarritako murrizketak tarteko. Hala, ekonomia globalaren moteltze horretan, hazkundea % 3ra mugatuta geldituko da 2022an, eta % 2,2ra 2023an.

OCDEk berak 2021eko abenduan egindako aurreikuspenen aldean (Ukrainako gerra hasi aurretik), horrek esan nahi du datorren urtean 2,8 bilioi dolar desagertuko direla; % 2ko erorialdia erosahalmenari dagokionez.

Europa da eskualderik kaltetuena. Balizko hornidura arazo bat izatera iritsi aurretik, gasaren prezioa hirukoiztu egin da urtebetean, eta 2010-2019 aldian batez beste izandakoa baino ia hamar aldiz altuagoa da.

Europa, atzeraldiaren ertzean

Hori eta Ukrainako gerraren beste ondorio batzuk kontuan hartuta, OCDEk garbiki zuzendu ditu datorren urterako eurogunerako barne produktu gordinaren (BPG) inguruko estimazioak, % 0,3an uzteko (ekainean baino 1,3 puntu gutxiago).

OCDEk hori Alemaniagatik egin du bereziki, izan ere, % 0,7ko atzeraldia espero da bertan (2,7 gutxiago), aurreikusitako agertokia ez betetzekotan ere. Euroguneko beste pisu astunetan ere murriztu egin dira hazkunde itxaropenak: % 0,6, Frantzian; % 0,4, Italian eta % 1,5, Espainian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Europako herrialdei buruzko albisteak Espainia bideoak Alemania albisteak Frantzia argazkiak Ekonomia berriak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Italiako berriak Kontsumoari buruzko albisteak Gas naturalari buruzko albisteak Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa