Ekonomia -

EUSKADI IRRATIA

Azkue: "Klima-aldaketak oraingoz ez du eragin zuzenik izan hemengo arrantzaleen harrapaketetan"

Nolanahi ere, "tantaka-tantaka", Mediterraneoko eta Kanarietako uretan ohikoak diren "zenbait espezie ari dira azaltzen" euskal kostaldean, Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariak aitortu duenez.

Leandro Azkue, gaur, Euskadi Irratian. Argazkia: EITB Media
Leandro Azkue, gaur, Euskadi Irratian.
Leandro Azkue, gaur, Euskadi Irratian. Argazkia: EITB Media

play icon 38:45

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itsasoko uraren tenperatura goraka badoa ere, oraingoz, euskal arrantzaleek ez dute aparteko eraginik sumatu beren jardueran. Antxoaren kanpaina oso ona izan zen, eta hegaluzearena ere hala ari da izaten. Klima-aldaketak, beraz, ez du momentuz eragin zuzenik izan hemengo arrantzaleen harrapaketetan, eta ez dute sumatu espezieen migrazio masiborik ur hotz bila. Hori bai, tantaka-tantaka Mediterraneoko eta Kanarietako uretan ohikoak diren zenbait espezie agertzen hasi dira Kantauri itsasoan, eta epe luzera etor daitekeenaren arrasto bat izan daiteke hori. 

Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariak eman ditu azalpenok, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Esan duenez, ikerketa zientifikoen aurreikuspenen arabera, hainbat espezie iparralderantz mugituko dira datozen urte eta hamarkadetan, baita "gure arrantzaleentzat garrantzitsuak diren espezieak" ere, eta "produktibitatea jaistea eragingo du". "Praktikan, oraindik, ez dugu efektu hori sumatu", zehaztu du.

Hegaluzearen kanpainaz, berriz, Azkuek aurreratu du dagoeneko 6.700 tona inguru arrantzatu dituztela euskal arrantzaleek, dagokien kuotaren (10.000 tona) erdia baino gehiago. Prezioaren inguruko datua ere eman du: iaz baino ia euro bat merkeago ari da saltzen hegaluze kiloa portuan, hau da, batez beste, 4,60 eurotik 3,70 eurora jaitsi da prezioa. Hainbat faktore egon daitezke merkatze horren atzean, baina Arrantza zuzendariaren hitzetan, hauxe da nagusia: "Kontserba-fabrikek iaz asko erosi zuten eta ondo ordaindu zuten, beste koste batzuk asko igo zirelako. Gastu horiek eragina izan zuten ondorengo salmentetan, eta kontserba asko geratu ziren merkatuan saldu gabe. Horrek aurten eragin zuzena izan du, kontserba-fabrikek ez dute hainbeste hegaluze erosi".

Sektorean dagoen errelebo faltaren inguruan ere aritu da Azkue. Horren hitzetan, harrapaketetan aritzeko arrantzaleak badaude, baina arazoa alor teknikoan dute. "Ontziak eramateko eta zaintzeko pertsonal teknikoa falta da", zehaztu du. Egoera bideratzeko, hainbat programa eta arrantza-eskola dituzte martxan, gazteak formatzeko, eta hortik emaitzak iristea espero du.

Azkenik, hegalaburra gizentzeko Getarian abian jartzekoak diren proiektuaz, Espainiako Gobernuaren baimenaren zain daudela adierazi du. Baimen guztiak datorren urteko udaberrirako izango dituzte, horren arabera, eta orduan kaiola esperimental bat jarriko dute aurrena, probak egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketaren albisteak Eusko Jaurlaritza berriak Ekonomia 2024 Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Irratia euskaraz Arrantza kanpaina azken ordukoa Larrialdi klimatikoa