Ekonomia -

Greba eguna

Sektore publikoko langileak grebara daude deituta gaur, lan baldintzen eta zerbitzuen kalitatearen defentsan

Bi deialditik lehena dute gaurkoa (bigarrena abenduaren 19an dute). Jaurlaritzari, aldundiei eta udalei egingo dizkieten aldarrikapen nagusiak dira erosahalmena bermatzea eta enplegu publikoa egonkortzea.

Gaurko lehen orduko mobilizazioetako bat. Argazkia: Efe
Gaurko lehen orduko mobilizazioetako bat
Gaurko lehen orduko mobilizazioetako bat. Argazkia: Efe

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELAk, LABek, CCOOk, Steilasek, ESK-k eta beste sindikatu batzuek, UGTk salbu, grebara deitu dituzte gaurko, urriak 25, Euskadin sektore publikoan lanean dauden 150.000 beharginak, lan baldintza hobeak eta zerbitzuen kalitatea bermatze aldera.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzari, aldundiei eta udalei egingo dizkieten aldarrikapen nagusiak dira erosahalmena bermatzea eta enplegu publikoa egonkortzea, behin-behinekotasuna % 8raino murriztuta.

Hala, sindikatuek salatu dute Euskadin sektore publikoak "okerrera egin" duela, geroz eta pribatizatuago dagoelako. "Egiturazko arazo" bat dela iritzi diote, hain zuzen ere.

Greba deialdiarekin lortu nahi dute, halaber, sektore publikoaren soldatak eta beharrak Euskadin bertan negoziatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea (% 20ko galera, azken hamarkadan), behin-behinekotasun tasa % 40tik % 8ra jaistea, pribatizazioari amaiera ematea eta "egiazko euskalduntzea" bermatzeko planak garatzea.

EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi laguntza eskatu diete

Bi eguneko greba deialdia egin duten sindikatuek (bigarrena abenduaren 19rako) bilera egin zuten atzo EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariekin, Madrilen alderdi biek dituzten ordezkaritzei galdegiteko lor dezatela sektore publikoaren soldatak eta enplegua Euskadin negoziatzea.

Sindikatuek gogora ekarri dutenez, bi alderdi horiek soilik onartu zuten aldiro bilerak egitea, sindikatuek egindako eskaerak entzuteko. Gainerakoek (EAJ, PSE-EE eta PP), aldiz, ez diote egindako gonbitari erantzun. Ordezkari sindikalen hitzetan, "EAJ bezalako alderdiek nahiago dute, antza, adierazpen publikoak egin, eta proposatzen dizkiegun elkarrizketa bide denei iskin egin".

Gutxieneko zerbitzuak

Eusko Jaurlaritzak ezarri ditu dagoeneko biharko gutxieneko zerbitzuak, eta, aurreikusi dutenaren arabera, Lehen Arretak larunbatetako zerbitzua emango du, ikastetxeetan zuzendari eta irakasle bat egongo da gutxienez eta garraio publikoak zerbitzuaren % 30 bermatuko du.

Urkullu, zerbitzuak eta lan baldintzak hobetzeko prest

Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu du "egunero" saiatu behar dela zerbitzu publikoak eta beharginen lan baldintzak hobetzen, baina ohartarazi du baliabideak "mugatuak" direla. Bestalde, jakinarazi du bideraezina dela zerbitzu guztiak publiko egitea edota diru guztia funtzionarioen soldatetara bideratzea.

ELAk Urkulluri aurpegiratu dio "errealitatetik kanpo" bizitzea

Lehendakariaren hitzei erantzunez, ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak adierazi du "herrialde honen egoeratik at" bizi dela Urkullu.

Gainera, azpimarratu du mobilizatzen ez diren langileek ez dituztela beren lan baldintzak hobetzen. Bestalde, greba deialdiari buruz hau esan du: "Zerbitzu publikoetan egiten den inbertsioa Europakoarekin parekatu beharko litzateke, eta langile publikoen baldintzak Euskadin erabaki beharko lirateke".

Zupiriaren ustez, kaos batean bizi garela ikusarazi nahi dute

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz, datozen egun eta asteetarako deituta dauden grebek hauteskunde kutsua dute, mobilizaziook "hemendik eta maiatzera arte" deituta daudela gogorarazita. Kritikatu duenez, "badago borondate edo nahi bat ikusarazteko kaos eta katastrofe batean bizi garela", eta halakorik dagoela ukatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Funtzionarioak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Manifestazioak Lan gatazkak Garraio publikoa