Gizartea -
Zientzia
Lur planeta asteroide suntsitzaileetatik nola salbatu
Zientzia-fikzioa dirudien arren, nazioarteak hainbat plan zehatz ditu asteroide suntsitzaileak gure bidetik desbideratzeko.
Erredakzioa
Une honetan 20.000 asteroide inguru daude Lurretik gertu, eta horietatik 300 inguru potentzialki arriskutsuak dira. Arreta, baina, 2012 DA14 asteroideak bereganatu du, talka egin barik gure planetatik gertuen pasatuko dena izango baita.
Hori horrela, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) nazioarteko koordinazio plan bat proposatu du, lehen aldiz, arriskutsua izan litekeen asteroide bat desbideratzea ahalbideratuko lukeen misio bat prestatzeko.
NBEk estatu kideei igorritako txosten baten arabera, "asteroide batek Lurraren aurka talka egiteko arriskua oso txikia da, baina asteroidearen tamainaren eta non eroriko den arabera, ondorioa hondamendia izan liteke".
Txostenaren egileak, Sergio Camacho mexikarrak, azaldu duenez, 2012 DA14ren tamainako (40 metroko diametroa du) asteroide bat Londresen eroriko balitz, metropoli-barruti osoa suntsituko litzateke.
"Lurrikarekin, urakanekin eta beste hainbat arrisku naturalekin ez bezala, asteroideen aurrean zerbait egin dezakegu, batik bat denbora nahikoaz atzematen baditugu", argudiatu du.
Hori dela eta, nazioarteko sare bat sortzea proposatu du, Lurraren bidean dauden asteroideak ahalik eta lasterren atzeman eta jokabide prozedurak zehazteko.
NBEren txostenaren arabera, sarea sortzeko azpiegitura existitu egiten da dagoeneko, eta "informazioak partekatzeko zentro bat" baino ez da falta.
Halaber, espazio agentziak dituzten estatuei "misio espazialak sortzeko aholkulari talde bat eratzea" gomendatu die.
ON KIXOTE PROIEKTUA
Txostenak ez du proiektu zehatzik aipatzen, baina nazioartean badaude hainbat. Europako Espazio Agentziak (ESA), adibidez, On Kixote Misioa onartu du, Lur planetaren aurka talka egin lezakeen asteroide suntsitzaile bat desbideratzea helburu.
Misioa Espainian sortu dute, eta asteroidearen aurka bi espazio-zunda bidaltzean datza. Lehenengoak (Santxo izenekoa) asteroidearen ezaugarri fisikoak aztertzea izango luke helburu, eta, bigarrenak (Hidalgo izenekoa), aldiz, talka egingo luke horren aurka, desbideratzeko.
HELBURUA: APOFIS
Misio horren helburua Apofis asteroidea da. Une honetan Lurrerako bidean dago, eta 2029. eta 2036. urteetan oso gertu pasatuko da.
Asteroide horrek 2036. urtean Lurraren aurka talka egiteko probabilitatea batekoa da 250.000en artean.