Gizartea -

Hezkuntza

Espainiako Gobernuak Werten hezkuntza-erreforma onartu du

Gaztelaniaz ikasketak egiteko aukera bermatzera eta erlijio sustatzera dago zuzenduta. Izan ere, erlijio irakasgaiak eragina izango du DBHko azken notan eta bekak eskuratzeko orduan.

Jose Ignacio Wert Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroa. Argazkia: Efe
Jose Ignacio Wert Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroa.
Espainiako Gobernuak Werten hezkuntza-erreforma onartu du

2:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak Jose Ignacio Wert Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroaren hezkuntza-erreforma onartu du gaur, Soraya Saenz de Santamaria Gobernuaren bozeramaileak jakitera eman duenez.

Hizkuntza koofiziala duten erkidegoetan gaztelaniaz ikasketak egiteko aukera bermatzera eta erlijio sustatzera dago zuzenduta hezkuntza arloko erreformaren proiektua. Izan ere erlijioak eta baloreak jorratzeko haren irakasgai alternatiboak eragina izango dute DBHko azken notan.

Saenz de Santamariak Hezkuntza ministroarekin batera emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, LOMCE "Legegintzaldiko lege garrantzitsuena da", "oinarrizko erreforma bat", izan ere, "bikoitza da zeregina, hezkunzaren kalitatea hobetzea eta gazteen enplegua sustatzea".

"Gure hezkuntza sistema berritu beharra daukagu lehenbailehen, ezin ditugu onartu eskola porrot eta gazteen langabezia tasak", adierazi du Saenz de Santamariak.

Gobernuko bozeramailearen esanetan, ezagutza instrumentala, ibilbide malguak, kanpoko ebaluazioak eta zentroen autonomia sustatu nahi ditu lege berriak.

Bestalde, legea idazteko garaian, erkidegoen, gurasoen, irakasleen, sindikatuen, hezkuntza profesionalen, elkarteen, plataformen eta herritarren iritziak "aintzat" hartu dituztela azpimarratu du.

Gaztelaniaz ikasteko eskola pribatuen ordainketa ''salbuespenezkoa eta aldi baterakoa'' izango da

Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak azaldu duenez, gaztelaniaz ikasi nahi baina aukera hori ez duten ikasleei ikastetxe pribatua ordaintzeko neurria ''salbuespenezkoa eta aldi baterakoa'' izango da.

Neurria bideratzeko, LOMCe lege berriaren memoria ekonomikoak 5 milioi euro gordeko ditu, aukera hori 1.000 ikasleri bermatu ahal izateko. Zenbatekoa, azkenean, askoz txikiago izan liteke, Katalunian 17 familiak bakarrik eskatu dutelako.

Estatuak ordainduko du ikastetxe pribatua, eta, ondoren, dagokion erkidegoaren finantzaketari kenduko diote. Wertek ziurtatu duenez, neurriak ez die eragingo eredu elebiduna barneratuta duten erkidegoei.

Erreformaren aurrekontua

Erreforma bideratzeak eragingo dituen gastuen inguruan, Wertek azaldu du gastuen % 95 DBHko formazio ibilbideak aurreratzeari eta Oinarrizko Lanbide Heziketaren sorrerari dagokiola, eta, gastu horiek, Europako Funts Sozialarekin ordaintzeko aukera egon litekeela.

Erreforma abian jartzeak 22 milioi euroko kostua izango du lehen urtean, 130 milioi eurokoa bigarrenean eta 255 eurokoa hirugarrenen urtean, Gobernuak egindako aurreikuspenen arabera.

Batxilergoa eta irakasgai motak

Azkenik, bi urtekoa izango da Batxilergoaren iraupena, eta ez hiru urtekoa, erreformaren lehen testuak biltzen zuenez. LOMCE erreformak, halaber, bi urteko oinarrizko Lanbide Heziketa jasoko du (15 urte baino gehiago eta zailtasunak dituzten DBHko bigarren eta hirugarren mailako ikasleentzat); DBHko titulua lortzeko aukera ere eskainiko du.

Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko irakasgaiak, aurreikuspenen arabera, hiru motatakoak izango dira: Enborrekoak, berariazkoak edo espezifikoak, eta erkidegoek itxuratu ahal izango dituztenak.

Gobernuak erabakiko ditu enborreko ikasgaien edukia eta ordutegia (gaztelania, matematikak, zientziak eta atzerriko hizkuntza). Horiei zuzendu beharreko denbora ez da ikasgai osoek hartuko dutenaren % 50 baino gutxiago izango.

Erkidegoek erabakiko dituzte berariazko irakasgaien (heziketa fisikoa, kultura klasikoa eta musika) eta konfigurazio askekoen inguruan. Azken horietan sartuko ditu legeak hizkuntza koofizialak.

Bestalde, ezin izango da ikasturtea gainditu bi irakasgai husa eginda, ezta gainditu ez diren irakasgaiak matematika, gaztelania edo hizkuntza koofizialaren irakasgai baldin badira ere. Etapa bakoitzaren bukaeran kanpo ebaluazioak egin beharko dituzte ikasleek.

Erlijioak eragina izango du azken notan

Erlijioa, eta haren ordezkoa ere, ohiko notetan ebaluatuko dute, eta ''ondorio guztiekin'' izango dute kontuan azken nota erabakitzeko. Halaber, eragina izango du beka bat eskuratu edo kanpo ebaluazioaren emaitza kalkulatzeko.

''Errepikatzen duten ikasleek eragiten duten gastua 2.500 milioi eurokoa da''

Hezkuntza erreforma ''atzeraezina'' dela esan du Hezkuntza ministroak, eta errepikatzen duten 500.000 ikasleek 2.500 milioi euroko gastua eragiten dutela ohartarazi du. Ministroak azaldu duenez, 15 urteko ikasleen % 40k gutxienez behin errepikatu du, eta horrek ''erabateko eraginkortasun eza'' dakar, ministroaren hitzetan.

Datak

Erreforma 2014-2015 ikasturtean abiatu nahi dute.

Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkeztuko du, hezkuntza eskumenak urratzen baditu

Eusko Jaurlaritzak iragarri du helegitea aurkeztuko duela Auzitegi Konstituzionalaren aurrean, gaur onartutako LOMCE legeak euskal gobernuaren hezkuntza eskumenak urratzen baditu.

Hala adierazi du gaur, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justizia sailburuak. Hala ere, ezer egin aurretik, legeak Jaurlaritzaren eskumenak urratzen dituen frogatu nahi dute. Horrela bada, Jaurlaritzak ez du "zalantzarik izango", eta helegitea aurkeztuko du.

Erkorekaren ustez, mekanismo guztiak agortu behar dira helegitea aurkeztu aurretik. Horren esanetan, "arriskutsua da" Estatuak autonomia erkidegoekin dituen arazoak Auzitegi Konstituzionalaren esku uztea.

Azaldu duenez, inozoa da eskumenen harira, Auzitegi Konstituzionalean helegiteak aurkeztea eraginkorra dela pentsatzea. Gaineratu duenez, bertako kideen aukeraketak organo horren objektibotasuna eta inpartzialtasuna kolokan jartzen ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LOMLOE hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza sistemako albisteak