Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Amagoia Elezkanori azken agurra eman diote Orozkon
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ustezko erasotzailea Zaballako (Araba) kartzelara eraman dute, epaileak espetxeratzeko agindua eman eta gero.
Erredakzioa
Amagoia Elezkanoren hileta-elizkizuna gaur izan da, Orozkon (Bizkaia), biktimaren jaioterrian. Bertako elizan, 19:00etan, eman diote azken agurra.
Amagoia Elezkanoren hilketa kolpe gogorra izan da Laudioko eta Orozkoko herritarrentzat, eta elkarretaratzeak egin dituzte hilketa salatzeko eta familiari elkartasuna adierazteko.
Krimena ostegun goizaldean gertatu zen, Laudioko etxebizitza batean. Ustezko hiltzaileak arreba bat ohartarazi zuen, krimena gauzatu eta gero, eta horrek deitu zuen Ertzaintzara. Agenteak bertaratu zirenean, biktima, ustezko hiltzailea eta seme jaioberri bat topatu zituzten etxebizitzan. Haurrak ez zuen zauririk.
Bertan, gainera, sukaldeko aizto bat aurkitu zuten, krimena gauzatzeko erabili zuten armatzat jo zutena.
Espetxean
Amurrioko (Araba) epaitegietako arduradunak Amagoia Elezkanoren ustezko hiltzailea espetxera bidali du. 49 urteko gizonak ustez 26 urteko emakumea sastatu zuen.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gizona Zaballako kartzelara eraman dute, epaileak espetxeratzeko agindua eman eta gero.
_______________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu, kontsultatu tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeentzako gida, edo informatu 016 edo 900 840 111 telefono zenbakietan. Doakoak dira eta ez dute aztarnarik uzten fakturan.