Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Tratu txarrengatik auzipetutakoek zaintzapeko askatasuna izango dute
Genero Indarkeriarekin Amaitzeko Estrategiaren arabera, tratu txarrak emateagatik auzipetutako gizonak kontrolatzeko gailuak manipulatzea eta biktimei "jazarpena egitea" delitutzat joko dituzte.
Erredakzioa
Tratu txarrak emateagatik auzipetutako lagunek, behin espetxealdia beteta, zaintzapeko askatasuna izango dute. Gainera, lagun horiek kontrolatzeko gailuen manipulazioa delitua izango da. Hauek dira, besteak beste, Juan Manuel Moreno Gizartze Zerbitzu eta Berdintasuneko Estatuko Idazkariak larunbat honetan aurkeztutako Genero Indarkeriarekin Amaitzeko Estrategiak jasotako neurriak.
"Erakundeen erantzuna hobetzea" alorraren arabera, zaintzapeko askatasuna ezarriko diete genero indarkeriagatik epaitutako lagunei. Morenok prentsaurrekoan azaldu duenez, Barne eta Justizia Ministerioen arteko adostasuna falta da neurri hori ezarri ahal izateko. "Litekeena da proposamen hori gauzatzeko zehatzak diren gailu telematikoak erabiltzea", iragarri du.
Horren harira, Espetxe-Erakundeekin protokoloak ezartzeko beharra azpimarratu du, tratu txarrengatik auzipetutako laguna non dagoen eta baimena zenbatekoa den biktimei eta Estatuko Segurtasun Indarreko agenteei jakinarazteko.
Hobekuntzak datu-baseetan
Delituei dagokionez, Gobernuaren proposamenaren arabera, biktimei "jazarpena egitea" delitu izango da. Halaber, auzipetuek kontrolatzeko gailuen manipulazioa, baimenarik gabe lagun baten irudiak hartzea edo zabaltzea (intimitateari kaltea larria eragiten badio) delitutzat ere joko dute.
Jarraipen hauek abiatzeko, Poliziaren eta epaitegien datu-baseen "hobekuntza" gauzatuko dute, Justizia Administrazioak eta Poliziak hartutako genero-indarkeriarekin lotutako salaketak "era automatikoan eta unean bertan jasotzeko".
PSOEren salaketa
Bestalde, PSOEk azken 48 ordutan lau emakumeren hilketek eragin duten "alarma" nabarmendu du. PPren murrizketen politikak genero indarkeriaren aurka "gutxiago borrokatzea justifikatzeko" balio duela kritikatu du, eta emakumeen babeserako kanpainan aurrekontuak gutxitzea dakarrela gaineratu du.
Purificacion Causapie PSOEren Berdintasun idazkariak eta Antonio Hernando Erakunde Harremanetarako idazkariak premiazko bilera egin dute azken egunetako hilketak direla eta.
Iaz, informazio telefonoetara egindako deiak eta salaketak jaitsi egin zirela esan du sozialistak, eta egungo Gobernuarekin genero indarkeria pairatzen duten emakumeak babesteko baliabideak gutxitzeak „asko kezkatzen" diela azpimarratu du.