Gizartea -
Drogen aurkako plan nazionala
Koma etilikoa errepikatzen duten adingabeen gurasoak zigor ditzakete
Behin eta berriro intoxikazio edo koma etilikoarekin ospitalean amaitzen duten adingabeen gurasoak isunekin zigortzea aztertzen ari da Espainiako Gobernua.
Erredakzioa
Behin eta berriro intoxikazio edo koma etilikoarekin ospitalean amaitzen duten adingabeen gurasoak isunekin zigortzea aztertzen ari da Espainiako Gobernua; izan ere, gurasoen ardura dela uste du Exekutiboak.
Francisco Babin Drogen aurkako Plan Nazionalaren ordezkariak proposamena egin du agerraldi batean. "Los que no" kanpaina aurkeztu du Babinek. Alkoholaren kontsumoak dituen arriskuetaz ohartaraziko du kanpainak.
Nerabeek alkohola bereganatzeko dituzten aukerak mugatzeko lege aurreproiektu bat prestatzen ari da Exekutiboa, Babinek azaldu duenez. Gurasoek seme-alaben intoxikazio etilikoak onartzea "tratu txarrak" bezalakoxea dela adierazi du Babinek.
Publizitatea eta etiketatua
Gainera, adingabeek Interneten eta sare sozialetan alkoholaren iragarkiak ez ikusteko neurriak hartzea aztertzen ari da Gobernua.
Edari alkoholdunen etiketatua eta dendetan duten eskuragarritasuna aztertzen ari direla gaineratu du Babinek.
Alkoholaren kontsumoan adina atzeratzeko helburua dute neurri guztiek; izan ere, Espainian nerabeak 13,7 urterekin hasten dira edaten. Alkoholaren kontsumoak kalte organikoak eta psikologikoak eragin ditzake, baita eskola-porrota eta familia-gatazkak ere.