Gizartea -
Ezbeharra Santiagon
Tren-gidariari alta eman diote, eta polizia-etxera eraman dute
Barne ministroak prentsaurrekoan azaldu duenez, tren-gidariari zuhurtziagabekeriazko hilketa leporatu diote. Gidaria bihar utziko dute epailearen esku.
Erredakzioa
Francisco Jose Garzon Santiagon asteazkenean trenbidetik irten zen trenaren gidariari alta eman diote eta Polizia-etxera eraman dute, inputatuta, zuhurtziagabekeriaz egindako gizahilketagatik.
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak, Galiziako Polizia-etxean, prentsaurreko batean azaldu duenez, atxilotua bertara eraman dute, eta epailearen esku utziko dute igande arratsaldean, protokolozko 72 orduak pasatu ostean.
Bestalde, Ana Pastor Sustapen ministroaren hitzetan, Espainiako trenbide-sistemak "Espainiako eta Europako ordenamenduan jasotako segurtasun baldintza guztiak betetzen ditu" eta "langileek baldintza horiek bete behar dituzte". Ikerketak arau horiek bete ziren argitu behar duela gaineratu du.
Orain arte 78 gorpuetatik 75 identifikatu dituzte, ondorioz, hiru gelditzen dira frogak egiteko, ministroak adierazi duenez.