Gizartea -

Gernikako azoka

Bisitari gutxiago euriaren eraginez Urriko Azken Asteleheneko Azokan

Olaberriako Aizpeta gaztandegiak irabazi du gazta lehiaketa eta 6.700 euroren truke saldu dute enkantean. Bilboko Mendata Berri jatetxeak erosi du.

Gernikako azoka. Argazkia: EFE
Gernikako azoka. Argazkia: EFE
Euriak ez du festa zapuztu Gernikan

1:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

60.000 lagun inguru gerturatu dira Gernikako Urriko Azken Asteleheneko Azokara. Euriak eta eguraldi txarrak ez ditu bisitariak atzera bota eta azokaz gozatzeko aukera izan dute. Iaz, jende gehiago gerturatu zen Gernikara, 100.000 hain zuzen ere.

Gernikako azoka urteko garrantzitsuenetakoa da eta aurten 277 postu jarri dituzte, iaz baino 12 gutxiago. Gernikako kale nagusiak baserriko produktuen erakusleiho erraldoian bilakatu dira.

Azokako hitzordu nagusienetako bat gazta lehiaketa izaten da eta ondoren egiten den enkantea. Aurten Olaberriako Aizpea gaztandegiak irabazi du lehen saria. Udalak eta Kutxabankek antolatutako enkantean 6.700 euroren truke saldu dute gazta erdia. Bilboko Mendata Berri jatetxeak erosi du. Xaibor dantzalekuak, bestalde, bigarren gazta saritua erosi du. 700 euro ordaindu ditu enkantean.

Horrez gain, beste hainbat lehiaketa ere egin dituzte. Irabazleak ondorengoak izan dira: Urdulizko Adela Adikoetxeak barazkietan, Zornotzako Valentin Llonak eztian, Gatikako Itziar Etxebarriak frutetan, Gernikako Mari Carmen Alcibarrek landareetan, Lezamako Magalarte upategiak txakolin zurian, Larrabetzuko Sasinesek txakolin gorrian eta Lezamako Erkoetxek txakolin beltzean.

Bizkaiko ortuaren erakusleiho

Euria egin arren, milaka lagunek gozatu dute Gernikan jarritako 277 postuetako produktuez. Bizkaiko ortuetako produktu onenak ikusi eta erosi ahal izan dira. Horien artean, nabarmentzekoa izan da babarruna. Aurten, 10 eta 22 kilo artean saldu dute kiloa.

Ekoizleak gustora agertu dira salmentetik. Diotenez, ordea, azokara produktuak ikustera eta giroaz gozatzera gerturatzen dira bisitariak, eta ez erosketak egitera.

Azokako postuak kendu dituzte jada, baina festak aurrera darrai Gernikako kaleetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Gernika-Lumo albisteak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Nekazaritza albisteak Abeltzaintza albisteak Azokak