Gizartea -

Saio monografikoa

'Helegiteak ez du LOMCE geldiaraziko, baina ekiditen saiatuko gara'

Cristina Uriartek berretsi egin du helegitea jarriko dutela; EH Bilduk batzorde bat eratzea proposatu du; PSEk "erantzun irmoa" eskatu du, eta PPk "Espainia osoari zuzendutako legea" dela esan du.

Cristina Uriarte
Cristina Uriarte
Talde guztiak LOMCEren aurka, Alderdi Popularra izan ezik

1:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak onartu duenez, Eusko Jaurlaritzak LOMCE legearen kontra helegitea jartzeak "ez du esan nahi Euskadin aplikatu behar ez denik", baina azpimarratu du erreforma "saihesteko" eta euskal hezkuntza sistema "mantentzeko" lanean jarraituko duela.

Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk eskatuta, LOMCE legearen inguruan (bihar onartuko dute Kongresuan) eztabaidatzeko egin duten saio monografikoan, sailburuak berriro esan du Iñigo Urkulluren Gobernuak erreformaren kontra jarraitzen duela, eta lege horrek "20 urte baino gehiagoko atzerapena" ekarriko duela Euskadiko hezkuntza mailan.

Uriartek baieztatu duenez, "Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkeztuko du eskumenak urratzeagatik, behin onartuta dagoenean, Espainiako Gobernuak eskumenak urratzen dituen edozein dekreturekin egingo duten bezala".

"Gure asmoa LOMCEk gure hezkuntza sistema ez mugatzea eta gure eskumenen kontra ez egitea lortzea da. Ezin dugu onartu, ezta aplikatu ere, aldebakarreko aldaketak legeetan gure eskumenak, gure sistemaren berezitasunak eta gure emaitzak aintzat hartu gabe".

EH Bildu

Belen Arrondok (EH Bildu) berezko hezkuntza-sistema baten oinarri pedagogikoak eta araudia ezartzeko batzorde bat eratzea proposatu du, LOMCE legeak ekarriko duen "frankismoaren hezkuntza sistemari" aurre egiteko.

Arrondoren esanetan, lege hau "hezkuntza publikoaren kontra inoiz egindako erasorik larriena" da, eta azpimarratu egin du "Espainia gehiago eta Euskal Herria gutxiago" ideia egonkortzea helburu duen "inposaketa" bat dela.

Arrondok gaineratu duenez, Mariano Rajoyren Gobernuak erabilitako argudioetako bat eskola-porrotari erantzuna ematea da; Espainian % 25ekoa da, baina Euskadin % 11,5ekoa da eta % 14 ingurukoa Nafarroan.

PSE-EE

Isabel Celaa PSE-EEren legebiltzarkideak, berriz, "erantzun irmoa" ematea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, baina "legearen mugen barruan" lan egitea beharrezkoa dela azpimarratu du. Horren ustez, baina, auzitara jo beharko da "eskumenak urratzen dituzten bakoitzean".

Celaak ohartarazi duenez, LOMCEk "eragin handia" izango du euskal hezkuntza sisteman "aurretik lortutako akordio guztiak hautsiko baititu, eta, euskal herritarren kasuan, egonkortasuna eta adostasuna lortzeko ezinbestekoak izan dira".

Halaber, hizkuntza ofizialetan, Haur Hezkuntzaren garapenean, "bigarren mailakotzat" jotzen den Lanbide Heziketan, eskumenetan, erlijio ikasgaian, "ikasleen segregazioan", eskoletako plangintzan, hezkuntzaren alde sozialean eta hezkuntza publikoaren balorazioan "eragina" izango duela nabarmendu du.

PP

Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPren idazkari nagusiak ziurtatu duenez, LOMCE legeak "Espainia osoarentzat" hezkuntza sistema bat garatzea du helburu, 17 hezkuntza sistemen "txosna" eta "kontraesanez" jositako ereduaren aurrean.

Oyarzabalen arabera, lege hau "ahalik eta arinen" aplikatu behar da, emaitzak "berehala" ikusi ahal izateko.

UPyD

Gorka Maneiro UPyD alderdiaren legebiltzarkideak lege berri bat eskatu du "nazionalisten doktrinamendua" galarazteko, eta Estatuan hezkuntza sistema "koherente" bat izateko, bere ustez, LOMCEk egiten ez duena, hain zuzen.

Alderdi horren legebiltzarkide bakarrak erreformaren kontra egin du Espainiako hezkuntzaren "arazo larriak" konpontzen ez dituelako, ez duelako pedagogia-eredua aztertzen eta erkidegoen 17 "azpisistemak" mantentzen dituelako.

PPko legebiltzarkideak kritikatu egin du gainerako alderdiak egiten ari diren hezkuntza sistemaren "karikatura", eta "demagogoak" izatea egotzi die. Bere ustez, Hezkuntza Ministerioak bultzatutako erreformak "hezkuntzaren kalitatea hobetzea" lortuko du, eta eskola-porrota murriztea lortuko du.

Gaur, halaber, Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroa gaitzesteko proposamena egin du PSOEk Kongresuan, lege polemikoa Senatuan onartzeko egun bat falta denean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
UPyD albisteak Hezkuntza Lege Berria albisteak Eusko Legebiltzarra argazkiak Gizartea bideoak EH Bildu Bizkaia PSE-EE Bizkaia PP Bizkaia Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza