Gizartea -

Danborrada 2014

Dena prest Donostian eta Azpeitian 2014ko danborradarako

Gaur gauean lehertuko da festa Gipuzkoan, helduen danborradarekin. Eguerdian, Donostian, Hiritar Merezimenduaren Dominak banatu dira.

00:00etan, San Sebastian martxaren doinuek hartuko dituzte Donostia eta Azpeitia. EiTB
00:00etan, San Sebastian martxaren doinuek hartuko dituzte Donostia eta Azpeitia.
00:00etan, San Sebastian martxaren doinuek hartuko dituzte Donostia eta Azpeitia. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ordu gutxiren buruan lehertuko da festa Donostian eta Azpeitian. Gipuzkoako udalerri horietan ospatzen da San Sebastian eguna, eta danbor hotsak izango dira nagusi gaur gauetik aurrera.

Festari hasiera emateko, eguerdian Hiritar Merezimenduaren Dominak banatu ditu Donostiako Udalak. Aurten, 5 izan dira sarituak: Erroak Sartu gizarte zerbitzuen elkartea, Daniel Zulaika EAEko Hiesaren Prebentzio eta Kontrolerako Planaren koordinatzailea, Angel Garcia Ronda Gipuzkoako Ateneoko presidentea, Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoa eta Saharako haurrak etxean hartzen dituzten familiak.

Gauean, helduen danborradek hartuko dituzte Donostiako eta Azpeitiko kaleak. Gipuzkoako hiriburuan, 15.468 pertsonak parte hartuko dute 127 danborradetan, eta Udal liburutegiko erlojuak gauerdia markatzen duenean, bandera igoko dute. Konstituzio plazan Gaztelubide konpartsa egongo da oholtza gainean, beste konpainietako ordezkariekin batera, Jose Ramon Mendizabal Danbor Nagusiaren esanetara, eta Sarriegi maisuaren San Sebastian Martxaren doinuak joko dituzte.

Azpeitian, 22:15etan abiatuko da helduen danborrada, eta, Donostian bezala, 00:00etan, San Sebastian Martxaren erritmora, bandera igoko dute udaletxean.

Astelehenean, haurren txanda

Astelehenean, San Sebastian egunez, haurrak izango dira protagonista bi udalerrietan. Eguerditik aurrera, milaka neska-mutilen danbor hotsek hartuko dituzte Donostiako eta Azpeitiko txoko guztiak. Donostian, 4.692 haurrek parte hartuko dute San Sebastian eguneko haur danborradan. Lehen aldiz gainera, karrozan neskak nahiz mutilak izango dira.

Gainera, Donostian, 12:30etan, Urrezko Danborraren banaketa ekitaldia izango da. Aurten, Joaquin Fuentes haurren psikiatrak jasoko du saria.

Gauean, festari amaiera emateko, Juan Karlos Izagirrek Donostia hiriko bandera jaitsiko du gaueko hamabietan. Orduan, Konstituzio plazan bildutako Union Artesana elkarteko danborrariek San Sebastian Martxa joko dute, azkeneko aldiz, jaiari bukaera emateko. Azpeitian ere, 00:00etan jaitsiko dute udaletxeko bandera, eta 2015era arte agur esango diote danbor hotsei.

Danborrada ETB1en eta eitb.com-en

Igandean, 22:25etatik aurrera, ETB1ek Danborrada Gaua saio berezia eskainiko du, eta Donostiako danborrada zuzenean jarraitzeko aukera izango da. Tarteka, Azpeitiko danborradarekin zuzeneko konexioak egingo dira; hiriburuko festa amaitzean eskainiko da osorik.

Astelehenean, 11:40tik aurrera, Donostiako haur danborrada ikusteko aukera izango da Euskal Telebistaren lehen katean. Gauean, jai amaiera ere zuzenean eskainiko du ETB1ek, 23:00etatik aurrera.

Gainera, eitb.com-ek jarraipen berezia egingo du. San Sebastian jaien inguruko emanaldi guztiak zuzenean, streaming bidez, eskaintzeaz gain, danborradaren inguruko informazio guztia ikusgai izango da webguneak ekitaldiaren inguruan prestatu duen atari berezian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea