Gizartea -
Nafarroako irakaskuntza
Euskaltzaindiak 'babes osoa' adierazi die D ereduko irakasleei
Horrez gain, gurasoei euren seme-alaben heziketarako D eredua hautatzeko deia egin die.
I.G. / EITB.COM
Euskaltzaindiak eskerrak eman dizkie eta "babes osoa" adierazi die Nafarroako D ereduko irakasle eta gainerako langileei. Horrez gain, gurasoei euren seme-alaben heziketarako D eredua hautatzeko deia egin die.
Osoko bilkuran aho batez onartutako adierazpenean, Nafarroako irakaskuntzan datorren ikasturtean izena emateko epea ireki dutela azpimarratu du Euskaltzaindiak.
"Urtero bezala, gurasoek aukera izango dute beren umeak D ereduan matrikulatzeko, bai irakaskuntza publikoan, bai ikastolen sarean. Izan ere, ikastetxe horiek aukera paregabea eskaintzen diote Nafarroako gizarteari, gurasoei bereziki, nafar guztiona den hizkuntza eta kulturatik abiatuz, beren seme-alabak mundu zabalera begira hezi ahal izateko", adierazi du Euskaltzaindiak.
Horrenbestez, Nafarroako familiei D eredua aukeratzeko gonbita egin die eta "babes osoa" adierazi diete irakaskuntza publikoan zein ikastolen sarean "zeregin horri osoki emanak eta emaitza bikainak lortuz lanean aritu diren eta ari diren irakasleei eta gainerako langileei".