Gizartea -
Trebiñuko neskatoaren heriotza
Haurraren heriotza argitzeko, txostenari itxaroteko eskatu du Darponek
Eusko Jaurlaritzak barne ikerketa bat abiatu du Larrialdi Zerbitzuetan deia jaso zuen medikuak eta aurreko egunean neskatoari diagnosia egin zuen medikuak zuzen jokatu zuten aztertzeko.
Erredakzioa
Trebiñuko neskatoaren heriotzaren auzian, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ireki duen ikerketaren emaitzetara itxaron behar dela adierazi du Jon Darpon Osasun sailburuak. Hiru urteko neskatoa astelehenean hil zen Gasteizko Txagorritxu ospitalean, barizelak jota.
Jon Darpon sailburuak adierazpen laburrak egin ditu Eusko Legebiltzarrean, kazetarien aurrean. Arduragabekeriarik izan den galdetuta, "prozedura aztertuko duen ikerketa bat abian den artean, ez da arrazoizkoa nik iritzia ematea".
"Txosten informatiboaren emaitzari itxarongo diogu", nabarmendu du.
Bestalde, Trebiñuko neskatoaren gurasoek ez dute oraingoz salaketarik aurkeztu Gasteizko epaitegian. Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak, baina, kasua ikertuko du Gaixoaren Defendatzailearen salaketa bat jaso ostean.
Eusko Jaurlaritzak barne ikerketa bat abiatu du Larrialdi Zerbitzuetan deia jaso zuen medikuak eta aurreko egunean neskatoari diagnosia egin zuen medikuak zuzen jokatu zuten aztertzeko.