Gizartea -
Adingabeen Epaitegia
Azkueren hiltzaileak Zumarragako adingabeen zentroan jarraituko du
Epaileak Ibaiondo zentroaren eta kondenatuarekin lan egiten duen taldearen txostenei egin die men, gazteak positiboki egin duela aurrera adierazten dutenak.
Erredakzioa
Amaia Azkueren hiltzaileak Zumarragako Ibaiondo adingabeen zentroan jarraituko du kondena betetzen, nahiz eta datorren hilean 21 urte beteko dituen. Zentro horretan, berriro hezteko programa bat betetzen du gazteak.
Donostiako Adingabeen epaileak erabaki duenez, Ander E.O.k adingabeen zentroan jarraituko du 10 urteko zigorra betetzen, espetxe arrunt batean egin ordez, egungo legediak, salbuespenak salbuespen, zehazten duen eta biktimaren ordezkariek eskatzen zuten moduan.
Dena dela, neurria urtero errepasatuko da, eta epaitegiak edozein momentutan bertan behera utzi dezake, kondenatuaren hezkuntza prozesuan atzerakada dagoela edo proposatutako helburuak betetzen ez dituela uste badu.
Epaileak Ibaiondo zentroaren eta kondenatuarekin lan egiten duen taldearen txostenei egin die men, gazteak positiboki egin duela aurrera adierazten dutenak. Pasatu den uztailaren 16an onartu zuen, lehen aldiz, Azkue hil izana.
Gazte azpeitiarrak 2011ko martxoaren 16an hil zuen Amaia Azkue. Epaian adierazten denez, Zarauzko hipermerkatu bateko aparkalekuan bankuko txartelak lapurtzeko eta klabeak lortzeko eraso egin ostean, harri batekin jota hil eta Azpeitiako Ibai Eder urtegian utzi zuen Ander E.O.k Azkueren gorpua.