Gizartea -
Santiagoko istripua
Omenaldiak biktimei eta boluntarioei, istripuaren lehen urteurrenean
Ez da omenaldi bateratua izan gaurkoa. Ez dela dominarik emateko unea esan dute Alvia 04155 biktimen elkarteko kideek.
Erredakzioa
Hainbat omenaldi egin dizkiete biktimei eta boluntarioei, Galizian, Angroiseko tren-istripuko lehen urteurrenean. Eskerrak eman dizkiete lanetan parte hartu zuten guztiei. Halaber, Alviako tren-gidariak barkamena eskatu die biktimei.
Ez da omenaldi bateratua izan gaurkoa. Ez dela dominarik emateko unea esan dute Alvia 04155 biktimen elkarteko kideek.
Lore-eskaintza bat egin diete “zero gunean”, Katedralean meza bat izan da, eta Galiziako Urrezko Domina eman diete laguntza eman zutenei katastrofea pasatu zenean. Gainera, zuhaitzak landatu dituzte biktimen izenekin.
Xuntak Galiziako Urrezko Dominarekin oroitu ditu biktimak (horietatik 79 pertsona hil ziren), boluntarioak eta laguntzeko prest izan ziren profesionalak. Alberto Nuñez Feijoo presidenteak eta istripuaren kalteak jasan zituzten bi pertsonak honako hau esan diote herriari: “Eskerrik asko”.
Ezbeharretik bizirik irten zirenek, Alvia 04155 plataforman bilduta, protesta batean euren barkamena adierazi diote tren-gidariari, segurtasun egokirik ez zen toki batean “giza-akats” bat izan zuela uste izanda.
Francisco Jose Garzon Amo makinariak bost paragrafoko testu bat bidali du La Voz de Galicia egunkarira. Bertan kaltetuengandik sentitzen duen nahigabea azaldu du. Gauza bakarra esan dezakeela nabarmendu du, honako hau: “Barkatu”.