Gizartea -
Etxebizitza
Jaurlaritzak Stop Kaleratzeak taldea isilarazi nahi duela salatu dute
Kaleratzeen kontrako plataformaren arabera, Alokabide elkarte publikoak eta Jaurlaritzak mugimendu sozialak "izutu" nahi dituzte salaketekin.
Erredakzioa
Arturo Val Arabako Stop Kaleratzeak plataformaren bozeramaileak mugimendu sozialak "izutu" nahi izatea leporatu die Alokabide elkarte publikoari eta Jaurlaritzari, bera Auzitegira eraman duten salaketekin eta antzekoekin isilarazi nahi izatea, alegia.
Val eta plataformako beste bi kide epaitu dituzte gaur Gasteizen ekainaren 12ko gertakari bat dela eta. Jaurlaritzak salaketa jarri zien hiruei Alokabideren bulegoetan, sinadura bilketa baten emaitzak aurkeztera joan zirenean, mehatxuak egitea leporatuta.
Plataformaren bozeramaileak ukatu egin du mehatxuak egin zituenik, nahiz eta segurtasun arduradunak kontrakoa adierazi txostenean. Valek azpimarratu du sinadurak eramatera joan zirenean ez zela istilurik izan eta ez zuela mehatxurik egin.
Hori horrela, Jaurlaritzari "mozal legea" ezartzea eta EAJri eta PPri "gustuko ez duten guztia erreprimitzea" leporatu die.
"Mugimendu sozialak kriminalizatzea" omen da horien helburua, baina Stop Kaleratzeak taldeko kideek behartsuenen alde lanean jarraituko duela hitz eman du, epaiketa "zentzugabeak" egin behar izan arren.
Gaurko epaiketa hasi aurretik, dozenaka pertsona inguratu dira auzipetuei babesa agertzera, EH Bilduko legebiltzarkide eta zinegotziak besteak beste.