Gizartea -
Abenduak 22
San Tomas azoka eguzkitsuaz gozatzen ari dira Bilbon
San Tomas azokaren 67. edizioan 286 postu izango dira, Areatzan eta Plaza Berrian banatuta.
Erredakzioa
Bilbon hasi dira ospatzen 2014ko San Tomas azoka, eta eguzkia lagun dute astelehen honetan Areatzan eta Plaza Berrian bildutako saltzaile eta erosleek.
Bizkaiko hiriburuan ohi baino egun bat geroago ari dira ospatzen San Tomas 2014, hala erabaki baitzuen antolatzeko lanetan aritzen den BBK-k. San Tomas eguna, abenduaren 21a, igandean zela eta, eta holakoetan egin ohi den bezala, larunbatera, hilaren 20ra, aurreratzea ebatzi zuten antolatzaileek. Erabakiak, baina, ezinegona eragin zuen Alde Zaharreko ostalari, auzokide eta merkatarien artean eta, eurekin hitz egin ostean, azoka astelehenera atzeratzea erabaki zuen BBK-k.
San Tomas azokaren 67. edizioan 286 postu daude Bilbon, Areatzan eta Plaza Berrian banatuta. Aipaturiko postu horietan, era guztietako produktuak erosteko aukera dago: barazkiak, fruta, eztia, ogia, gazta, gozoak, sagardoa, txakolina, ... 09:00etatik 22:00etara bitartean merkatua zabalik egongo da.
Bestalde, ohitura denez, Oskorri & Pub Ibiltariak BBK Aretoan kontzertua eskainiko du.
Tren zerbitzu bereziak
Euskotrenek tren zerbitzuak indartuko ditu astelehen honetan, abenduaren 22an, Bilbon ospatuko den San Tomas Azoka dela eta. Era berean, Bilboko tranbiaren zerbitzua aldatuko du azokak hirian sortaraziko dituen beharrizanei aurre egiteko, kontuan izanda Alde Zaharrean sortzen den jende pilaketa, Euskotrenek jakinarazi duenez.
Horrela, tren zerbitzu bereziek lanegunetako ohiko trenak indartuko dituzte. Bilbo-Ermua linean, zerbitzuaren hasieratik eguerdira arte zerbitzu erregularrak indartuko dira, eta trenak bi noranzkoetan 30 minuturo ibiliko dira. Ermutik lehenengo irteera 06:21ean izango da, eta Bilbotik 06:00etan.
Bilbo-Bermeo lineari dagokionez, eguneko zerbitzua tren bereziekin indartuko da, eta zirkulazioak 30 minuturik behin egongo dira. Bermeotik lehen irteera 06:48an izango da, eta Atxuritik 06:19an. Bi noranzkoetan zenbait zerbitzu erregular kentzea beharrezko izango da: 09:30ean, 10:30ean eta 11:30ean Atxuritik Zornotza Geralekura irteten direnak eta 10:04an, 11:04an eta 12:04an Zornotza Geralekutik Atxurira irteten direnak.
Bestalde, Renfek Bilbo Santurtzi, Muskiz eta Urduñarekin lotzen dituen lineak indartuko ditu. Linea horietan, goizeko hamarretatik arratsaldeko ordu biak bitartean tren gehiago izango dira. Bestalde, Laudiotik Bilbora joateko trena izango da, 15 minutuz behin.