Gizartea -
Denboralea
Hotzak eta izotzak jarraipena izango dute asteburuan
Hala ere, elur-denboralea arintzen hasi da, prezipitazioak jaitsi egin direlako eta elurraren maila igo egin delako.
Erredakzioa
Azken egunotan Euskal Herria astindu duen elur-denboralea arintzen doa pixkanaka-pixkanaka, izan ere, prezipitazioak jaitsi egin dira eta elurraren-maila igo egin da. Dena den, agintariak kezkatuta daude izotzak zirkulazioan izan dezakeen eraginarengatik, bereziki, barnealdean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak amaitutzat eman du eguerdian elurrari dagokion abisu horia, hasiera batean aurreikusi baino hiru ordu lehenago. Hala ere, eutsi egin dio izotza egiteko arriskuagatik iganderako ezarrita zuen abisu horiari.
Gaurko euri edo elur gutxi espero da eta, batez ere, kantauri isurialdearen mendebaldean. Arratsaldean atertu egingo du, eta ostarte batzuk irekiko dira, batez ere lurraldearen ekialdean. Halaber, elurraren maila 400-500 metrora igoko da, Euskalmeten arabera. Bestalde, abisu horia ezarri dute iganderako eta astelehenerako, izotza egiteko arriskuagatik.
Euskal Herriko errepide nagusietan normaltasuna da nagusi. Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren mailako 4 mendate daude itxita: Herrera, Orduña eta Krutzeta, Araban eta Jaizkibel, Gipuzkoan. Opakuako mendatea ibilgailuentzako irekita dago, baina itxita dago gainerako ibilgailuentzat. Halaber, Arabako Zaldiarango, Barrenillkoa eta Bernedoko mendateen autoek kateak behar dituzte eta itxita dago gainerako ibilgailuentzat.
Bestalde, Arabako Foru Aldundiak neguko operatiboari eutsi egiten dio eta elurra kentzeko 8 makina, 23 langile eta hiru Miñoi patruila prest daude.
Zazpi errepide, itxita
Nafarroako zortzi errepidetan zirkulazioa etenda dago elur denboralea dela eta; gainera, Iruña-Madril N-113 errepidea ere itxita dago Castejon parean, Ebro ibaiak gainezka egin duelako, Foru Gobernuak web gunean zabaldu duenez.
Zehatz-mehatz, Iruña-Frantzia NA-138 errepudea (Alduides) 21. kilometrotik aurrera itxita dago; NA-140 Auritz-Isaba 38. kilometrotik aurrera eta NA-137 Burgi-Isaba-Frantzia errepidea, 47 kilometrotik.
Halaber, NA-2000 Isaba-Zuriza errepidea (0 kilometrotik), NA-2011 Salazar-Frantzia, eta NA-2012 Otsagabia-Irati errepidea.
Iruñeko Justizia Jauregiko lorategia hondoratu da
Iruñeko Justizia Jauregiko lorategietako bat hondoratu da larunbat honetan, azken egunotan Nafarroako hiriburuan pilatutako elurraren ondorioz.
Antza denez, drainatze-sistema txarraren eraginez, "pisu handia" pilatu da gainazalean eta hondoratzea gertatu da. Gutxienez, lur azpiko aparkalekuan zeuden bi auto kaltetu dira, baina inor ez da zauritu.
Zadorran arriskurik ez
Segurtasun Sailak bertan behera utzi du Zadorraren arroaren inguruan babes zibilerako eta uholdeen kontrako plana, gaur egoerak hobera egingo duelako, euri gutxiago botako baitu eta elur-kota igoko delako.
Aurreko asteartean aktibatu zuen alerta egoera, denboraleak jo zuenean, eta Zadorraren arroaren plana ere aktibatu zuen bestearekin batera.
Tenperatura baxuek istripuak eta mozketak eragin dituzte goizaldean
?Izotz beltzak? bi istripu eragin ditu goizaldean, AP-68an, Arabako Zuia herriaren parean, eta, ondorioz, hiru pertsona zauritu dira, Segurtasun Sailak zabaldu duenez.
Autobidea, gainera, moztuta egon da AP-68an Bilbo-rako noranzkoan, 44. kilometroan, bigarren istripua izan zen lekuan, baina bi noranzkoetan zabalik dago jadanik, izotzaren kontrako neurriak aplikatu eta gero, 20 kilometroko tartean, Altubeko irteeraren (5. irteera) eta Pobesen irteeraren (6.a) artean.
Lehen istripuan, 05:30ean, kamioi batek eta furgoneta batek talka egin dute, AP-68ko 33. kilometroaren parean. Hiru lagun zauritu dira, eta Gasteizko Txagorritxu ospitalera eraman dituzte.
Bigarren istripua, 44. kilometroan, 06:20ean jazo da, eta bertan hiru autok talka egin dute, zauriturik izan gabe.
Eskola kirola bertan behera
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek astebururako aurreikusitako eskola kiroleko jarduera guztiak bertan behera uztea erabaki dute, Euskal Herri osoa jotzen ari den elur eta izotz denboralearen ondorioz.
Erabaki horrekin, haurren, gazteen eta horien senideen joan-etorriak saihestu nahi dituzte, egunotan eroritako elurraren eta datozen egunetarako iragarritako izotzaren ondorioz errepideen egoera txarra izango baita.
Gainera, kirol azpiegitura asko erabili ezinda geratu dira, elurrak eta izotzak estalita.
Era berean, Segurtasun Sailak mendira joaten diren herritarrei mendi altuak eta erlaitzak ekiditeko deia egin die, elur-jausiak izateko arriskua baitago.