Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Indarkeria matxista gaitzesteko elkarretaratzea, Gasteizen
Erakundeek deitu dute gaurko bilkura. Izaskun Landaidak nabarmendu duenez, elkarretaratzea noiz deitzen den 'ez da garrantzitsua', indarkeria matxistaren kontrako 'neurriak areagotzea' baizik.
eitb.eus
Gasteizko Udalak eta Emakundek ostegunean izandako hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute gaurko, 12:00etan, Arabako hiriburuko Plaza Berrian. Gasteizeko Udalbatza osatzen duten alderdi guztiek, Emakundeko ordezkariek, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Segurtasun sailburuek eta Juan Calparsoro Euskadiko fiskal nagusiak egin dute bat bost minutuko bilkura isilean.
Hilketa gogor salatu eta hildakoaren familiari babes osoa eskaini nahi izan dio Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. Bilkura hilketa izan eta astebetera deitu izanak kritika ugari ekarri du. Horren aurrean, Landaidak esan du hilketa izan eta berehala erakundeek gaitzespen oharrak kaleratu zituztela eta bat egin zutela Gasteizko Plataforma Feministak deitutako manifestazioarekin. Landaidak argitu du protokoloak ez duela inon esaten, hilketaren biharamunean egin behar denik bilkura.
Landaidak gaineratu duenez, elkarretaratzea noiz deitzen den ez da garrantzitsua, indarkeria matxistaren kontrako neurriak areagotzea baizik. Gizon eta emakumeen arteko berdintasunik ezaren "agerpen gordinena" hilketa matxista, eta horren aurrean, gizartea osoari indarkeria mota horren kontrako jarrera aktiboa erakusteko eskatu dio.
34 urteko gizon batek bikotekidea (29 urte) hil zuen, labankadaz, eta hilketaren egilea dela aitortu zion Ertzaintzari. Larunbatean, kartzelatzea agindu zuen epaileak. Biktimak hiru seme-alaba zituen, 2 eta 10 urte artekoak. Larunbatean bertan, Mugimendu Feministak elkarretaratzea egin zuen, krimena gaitzesteko.
Iaz, hiru emakume hil zituzten bikotekideek edo bikotekide ohiek EAEn._______________________________________
Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu 016 telefono zenbakira (doakoa da eta ez du arrastorik uzten fakturan).