Gizartea -

Eguneko lerroburuak

Apirilaren 14ko albisteak

Astearte honi ekin baino lehen ezagutu beharreko albisteak.

E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abortuaren Legearen erreforma, Kongresuan

Alderdi Popularrak egindako Abortuaren Legearen erreforma Kongresura helduko da gaur. Horren arabera, adingabeek haurdunaldia eteteko derrigorrez eduki beharko dute gurasoen baimena. Ikusmin handia dago, PPko diputatu batzuek horren aurka bozkatzeko asmoa agertu dutelako, erreforma epelegia delakoan. Hiru bozketa egingo dituzte: lehenengoa, PPk proposatutako erreformarena, eta beste biak, PSOEk eta IUk Legea bere horretan mantentzeko egindako proposamenenak.

Erreformak hautsak harrotu ditu gizartean. Osasun arduradunek salatu dute adingabeentzat ondorio latzak ekarriko dituela. Bizitzaren aldeko elkarteek, berriz, eskasa dela uste dute. Alderdi Popularrak ez du Espainiako Gotzainen Biltzarraren babesik, Rafael Catala Justizia ministroa babes hori lortzeko eginahalak egiten ari den arren.

Jihadismoaren kontrako goi-bilera

Jihadismoa guztion etsaia dela uste dute Mediterraneoko herrialdeek, erlijioa gorabehera. Hala, Marokok, Egiptok, Jordaniak, Greziak eta Italiak informazioa trukatu eta muturreko islamismoaren kontra borrokatzeko harremanak sendotzea adostu zuten atzo Bartzelonan.

Ahal Dugu, nafarren erabakitzeko eskubidearen alde

Foru hauteskundeetan defendatuko duten programa eskegi du bere webgunean Ahal Dugu Nafarroak. Oraindik badago ekarpenak egiterik, ostiralean egingo baitute bozketa. Dokumentuaren puntuetako bat "Nafarroa eta Euskal Herria" da. Bertan, nafarrek euren geroa erabakitzeko duten eskubidea eta hori garatzeko aukera aipatzen dira. Proposamenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoarekin (EAE) dituen harremanez eztabaida lasaia egitearen aldekoa da Ahal Dugu, eta, ondoren, nafarrek erabakitzeko eskubidea izatea. Iraganean gai latza izan dela ohartarazi dute dokumentuaren egileek, ETAren jardun armatuak eta aurreko foru gobernuen politika baztertzaileak eraginda, batez ere. Bada besterik: EAErekin izan daitezkeen gatazkak konpontzeko eta euroeskualdean sartzeko prozesua bideratzeko talde bat sortzea proposatu dute.

Laura Perez Podemos Ahal Dugu Nafarroa Navarra. hautagai. EFE

Laura Perez Podemos Ahal Dugu Nafarroa Navarra. hautagai. EFE

EiTBren kontrako atentatua: Mardaras errugabe jo dute

Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du Oihana Mardarasi Auzitegi Nazionalak ezarritako 29 urteko espetxe zigorra. EITBren egoitzaren aurkako atentatuagatik zigortu zuten, baina Gorenak ez du frogatutzat eman atentatu horretan parte hartu zuenik, eta, hortaz, absolbitu egin du.

EITBren egoitza ondoan leherrarazitako bonba jartzeko edota lehergailua egiteko prozesuan parte hartu zuela esateko frogarik ez du atzeman Auzitegi Gorenak, ezta ibilgailua lapurtu eta jabea atxikitzeko prozesuan parte hartu zuela esateko ere.

Horrez gain, Ibai Beobideren deklarazioa polizia-etxean egin zela baina bere hitzak ez zituela epailearen aurrean berretsi azpimarratu du Gorenak.

Dolu eguna literaturazaleentzat

Letren munduan berebiziko garrantzia duten bi idazle zendu ziren atzo: Eduardo Galeano eta Günter Grass. Literatura Nobel sariduna zen idazle alemaniarraren heriotzaren berri atzo eguerdian izan genuen.

Die Blechtrommel (1959, Latorrizko danborra), Katz und Maus (1961, Katua eta Arratoia, Xabier Mendiguren Bereziartuk itzulia) eta Hundejahre (1963, Zakur urteak) eleberrien idazlea Lubeck hiriko klinika batean hil zen, idazlearen gertukoek jakinarazi dutenez.

Idazle konprometitua zen Grass, politikoki aktiboa. "Moralki zuzena den zerbait defendatu egin behar da, horren zer ondorio politiko edo pertsonal ordainduko dugun kontuan izan barik", esan zuen El País espainiar kazetak eginiko elkarrizketa batean, 2006an. Danzig hirian (egun, Gdansk, Polonia) jaio zen, 1927an, eta, ibilbide luzean, eleberriak, poesia, antzerki eta saiakerak argitaratu zituen, baita ilustrazio eta eskultura lanak ere.

Eguerdi aldean, Eduardo Galeano idazle uruguaitarraren heriotzaren berri izan genuen. Las venas abiertas de América Latina lanaren egilea "gaixorik eta ospitaleratuta" zegoen, eta azken egunotan haren osasuna egoerak okerrera egin zuen. 2007an, ebakuntza egin zioten, biriketako minbiziak jota baitzegoen. Testu argitaragabe bat bukatuta zeukan, eta hil eta gero argitaratzea eskatu zuen. Siglo XXI argitaletxeak kaleratuko du, maiatzean seguru asko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak