Gizartea -

genero indarkeria

Barakaldoko 'puntu beltzak' desagerrarazteko lanari ekingo dio Udalak

Asteartean izandako sexu erasoa salatzeko elkarretaratzean, emakumeentzako arriskutsuak diren hiriko lekuak aztertu eta neurriak ipiniko dituela iragarri du alkateak.

Herriko Plazan egin dute gaitzespen elkarretaratzea. Argazkia: Barakaldoko Udala
Herriko Plazan egin dute gaitzespen elkarretaratzea. Argazkia: Barakaldoko Udala

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakumeentzat arriskutsuak izan daitezkeelakoan, Barakaldon (Bizkaia) 'puntu beltz' modura jotako lekuak aztertu eta indarkeria kasuak saihesteko neurri eta bitarteko guztiak hartzeko konpromisoa hartu du gaur Amaia del Campo alkateak.

Udalak deituta, elkarretaratzea izan da eguerdian, asteartean adingabe batek beste bati egindako sexu erasoa dela eta. Hura gaitzesteko kontzentrazioa baliatu du Del Campok iragarpena egiteko.

Azaldu duenez, azken eraso honek hauteskunde programan hitzemandakoa, gune arriskutsuak desagerrarazteko konpromisoa, betetzeko prozesua "azkartzera" behartu du Udala.

Ohar batean azaldu duenez, Argitan emakumeentzako aholku elkarteak 2009an egin zuen Barakaldoko 'puntu beltzen mapa' (hiriko 10 gune arriskutsu). Udalak lan hori aztertu eta eguneratzeko konpromisoa agertu du orain.

"Badakigu zelangoa den Barakaldo eta bada garaia emakumeek hirian dituzten arazoei erantzuna ematekoa", esan du alkateak elkarretaratzean.

 

Argitanek 421 emakume artatu zituen 2014an

Bestalde, Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak jakinarazi duenez, iaz 421 emakumeri eskaini zioten laguntza. Horietatik 42k tratu txarrak salatu zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Espainian Barakaldo