Gizartea -

Exekuzioen 40. urteurrena

Auzitegi Nagusiak baimendu egin du Txikiren eta Otaegiren omenaldia

Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak ekitaldia debekatzeko emandako argudioak ez direla nahikoak ebatzi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak.

Txikiren eta Otaegiren aldeko omenaldi bat. EiTB
Txikiren eta Otaegiren aldeko omenaldi bat. EiTB
Txikiren eta Otaegiren aldeko omenaldi bat. EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igandean Iruñean "memoriaren eta askatasunaren" alde deitutako manifestazioa baimendu egin du Nafarroako Auzitegi Nagusiak, Ahaztuak elkarteak aurkeztutako helegitea onartu baitu.

Aldez aurretik, Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak debekatu egin zuen deialdia, baina Ahaztuakek helegitea aurkeztu zuen, eta epaileek onartu egin dute gaur.

Hain zuzen ere, Francoren diktadura garaian fusilatutako ETA politiko-militarreko bi kide (Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi) eta FRAPeko hiru kide (Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz) omenduko dituzte aipatutako manifestazioan, exekuzioen 40. urteurrena dela eta.

Helegitearen arabera, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak "epez kanpo" debekatu zuen ekitaldia, deialdia egiten denetik 72 ordu baitute ebazpena ateratzeko. Horren ildotik, manifestazioa hilaren 15ean komunikatu zuten, eta 22an debekatu.

Dena dela, epaimahaiak ere manifestazioaren "mamia" ere aztertu du, eta ekitaldia debekatzeko emandako argudioak ez direla nahikoak ebatzi du.

Izan ere, omenaldiaren helburua "terrorismoa goratzea" dela nabarmendu zuen Carmen Albak, baina auzitegiak esan du hori ez dagoela "egiaztatuta".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Nafarroa Gizartea albisteak Gaurko titularrak Albisteak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusia Frankismoa Giza eskubideen urraketak frankismoan Azken ordukoa protestak