Gizartea -
Osasuna
Txarkuteria jateak minbizia izateko arriskua areagotzen du
10 herrialdetako 22 adituren arabera, haragi prozesatua kontsumitzeak kolon eta ondesteko minbizia izateko arriskua % 18 handitzen du. Okela gorria ere arriskutsua izan daiteke.
Agentziak | Erredakzioa
Saltxitxak, txorizoa, eta oro har, txarkuteria jateak minbizia garatzeko arriskua areagotzen du, Osasunaren Mundu Erakundearen baitan dagoen Minbiziaren Ikerketarako Nazioarteko Agentziak gaur kaleratu duen txosten baten arabera.
10 herrialdetako 22 adituren arabera, "nahikoa froga" haragi prozesatua kontsumitzeak kolon eta ondesteko minbizia eragiten duela ondorioztatzeko.
Frogak kontuan hartuta, kartzinogenoen lehenengo taldean sartu dute prozesatutako haragia, tabakoa, amiantoa eta diesel motorren kearekin batera. Agentziaren arabera, "gatzunetan jarritako, ondutako, hartzitutako, ketutako edo bestelako prozesuen bidez tratatutako okela da prozesatutakoa".
"Gizabanakoarentzat, prozesatutako okel mota hau jatearen ondorioz kolon eta ondesteko minbizia garatzeko arriskua txikia da oraindik, baina arriskua kontsumitutako haragi kopuruaren araberakoa da. Beraz, ikusita haragi hau jaten duten lagunen kopurua hazten doanez, eragina aipatzeko modukoa da", azaldu du Kurt Straif Agentziako Monografia Programen buruak.
Okela gorria ere, arriskutsua
Okela gorriari dagokionez, 2A taldean sartu dute adituek, hau da, balizko kartzinogenoen artean (minbizia eragiten duten "frogak mugatuak" dira). Kolon eta ondesteko minbizia, pankrea eta prostata minbizia eragin dezakeela ondorioztatu du Osasunaren Mundu Erakundeak, baina maila txikiagoan. Behi, idi, txerri, arkume, zaldi eta ahuntzaren haragia daude okela gorriaren artean.
50 gramo egunean
Agentziaren arabera, egunean 50 gramo haragi prozesatu jateak % 18 handitzen du kolon eta ondesteko minbizia izateko arriskua.
Dena dela, ohartarazi duenez, arrisku maila ez da kategoria berean duten beste substantziek eragindakoa bezain handia. Alegia, txarkuteria kontsumitzea ez da erretzea bezain arriskutsua.
'Global Burden of Disease Project' izeneko txostenean jasotako estimazioen arabera, urtero 34.000 heriotzaren eragile izango litzateke haragi mota hau. Tabakoak milioi bat lagun hiltzen ditu urtero, gehiegizko alkohola kontsumoak, 600.000, eta kutsadurak, 200.000.
Okel gorriari dagokionez, urtean 50.000 lagunen heriotzaren erantzule izan daitekeela iradoki dute adituek.