Gizartea -
Indarkeria matxista
Zorrotzako sexu erasoaren ustezko egilea polizia-etxean dago oraindik
Tankera horretako erasoak "onartezinak" direla adierazi du Aburto alkateak, eta EH Bilduk salatu du erasoa izan zen kaleko segurtasun arazoak konpondu gabe daudela, 2011tik puntu beltza bada ere.
eitb.eus
Zorrotza (Bilbo) emakumezko bat bortxatzen saiatzea leporatuta atzo atxilotutako 37 urteko gizonezkoa polizia-etxean dago oraindik, epailearenera noiz eramango zain, eitb.eus-ek jakin ahal izan duenez.
Bien bitartean, biktimak Gurutzetako Ospitalean jarraitzen du.
Erasoa ostiralean jazo zen, 06:00ak aldera. Emakumea kalera atera zen, txakurrak paseatzera. Hermogenes Rojo kalean, anbulantzia-parking batean, gizonezko bat emakumea bortxatzen saiatu zen. Horrek aurre egin zion, eta ustezko erasotzaileak jipoi handia eman zion.
Oihuak entzunda, anbulantzietako langileek emakumezkoari laguntza eskaini zioten. Orduan, gizonezkoak ihes egin zuen, eta emakumea ospitalera eraman zuten.
Emakumeak zauri larriak ditu aurpegian, eta litekeena da ospitalean egonaldi luzea egin behar izatea.
Aburto: "Hau onartezina da"
Testuinguru horretan, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi du erasotzaileak "soberan" daudela, eta tankera horretako erasoak "onartezinak" direla.
Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, atxilotutakoari legea "zorrotz" ezartzea espero duela esan du, eta Zorrotzako "puntu beltza" "berehala" hobetzeko lanak hasiko dituztela aurreratu du.
Halaber, erasotzailea "azkar" atxilotu izana txalotu du.
EH Bilduren oharra
Bestalde, EH Bilduk salatu du Hermogenes Rojo kalea “2011n” identifikatu zuela Udalak puntu beltz gisa.
Alba Fatuarte zinegotzi abertzalearen esanetan, duela bost urte egindako puntu beltzen mapa Renfeko geltokiaren inguruak eta Hermogenes Rojo kaleak agertzen dira. Hala ere, oraindik ere ez daude konponduta leku horietako arazoak.
_________________________________________
Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.